Oihana Llorente
BILBO
Interview
Aner Petralanda
EPAIKETAREN ZAIN DAGOEN GAZTEA

«Guk bizitzari eusteko aukera izan genuen eta, semea edukita, eutsi egin genion»

Urtebete ez da igaro aitatasun titulua estreinatu zuenetik, bere semetxoaren, Aiurren, kontutxoak, ordea, egunero ikusteko aukerarik ez du. Ehunka kilometrok banatzen dituzte aita eta semea, Aiur bere amatxorekin batera Aranjuezeko espetxean hazten ari da-eta.

Aner Petralanda.
Aner Petralanda.

Honakoa ez da seguru Anerrek inoiz desiratuko zuen aitatasuna. Errepideek eta bakartasunak lokaztu dituzte hain esanguratsuak diren haurraren lehen hilabete horiek. Baina pozez zoratzen aurkitu dugu Aner Petralanda. Astebururo-astebururo autoa hartu eta Aranjuezerako bidea egiteko irrikaz egoten da Larrabetzun bizi den zamudiotar hau. Aiur semea tarte batez espetxetik atera, eta, bere neska-lagunarekin, Anabel Prieto santutxuarrarekin, 40 minutu partekatzen ditu asteko azken egun horietan Anerrek. «Aitatasuna sentitzeko beste modu bat da. Seguru ez dela idealena, baina beste modu bat da. Nik asteburuetan bakarrik ikusten dut Aiur, baina oso modu intentsuan. Poliki-poliki gero eta denbora gehiago ematen du nirekin eta gure arteko lotura afektiboa garatzen doa», azaldu digu.

Aita izateko erabakia «ondorio guztiekin» hartu zuela dio behin eta berriz, gogorra eta ederra sinonimo izan daitezkeela frogatuz. Hiru urte emango ditu Aiurrek kartzelan, eta, denbora tarte horretan gauza asko galduko dituela jakin badaki Anerrek. Aiurren lehen hitza, lehen pausua... edo ez, nork daki. Agian lehen hitz hori, lehen urrats hori asteburuan emateko hautua egingo du Aiurrek eta aitatxo izango du testigu, Aranjuezen bertan alokatu duen etxetxoan. Auskalo. Aiur kalean egonda ere, agian, lanean harrapatuko luke une berezi horrek. Ziur da, baina, familian ezingo dituztela partekatu une horiek; «hori da gogorrena, une bereziok hirurok batera ezin igarotzea», kontatu digu.

Anerren esaldiek ez dute nahigaberik iradokitzen, ziurtasuna baizik. «Espetxeaz gainera, hau da borroka honengatik Anabeli eta niri egokitu zaigun prezioa», dio argi.

Ez dira geroak ekar ditzakeen traben beldur. Atzera begiratu eta seme-alabarik izan ez izanaz damutzeari zioten beldurra. Horregatik hartu zuten guraso izateko erabakia. Pozik eta harro hartu ere.

Zorioneko

Askoren begietara gezurra iruditu arren, zorioneko sentitzen da Aner. «Euskal Herrian zenbat eta zenbat dira guk hartu dugun erabakia hartzeko aukerarik ere ez dutenak? Zenbat jende gelditu da bidean? Zenbat emakume daude sasian ama izateko aukerarik gabe? Zenbat bikote daude kartzeletan, banatuta, elkar ikusteko aukerarik gabe?», azaldu du, desgrazia horien ondoan berea xamurragoa dela irudikatzeko edo. «Guk bizitzari eusteko aukera izan genuen. Eta, semea edukita, eutsi egin genion», esan digu.

Petralanda 2007ko urrian hartu zuten preso. Batasunako mahai nazionalaren aurkako operazio batean atxilotu zuten Seguran eta bi urte eta zazpi hilabete eman zituen barrote artean. 27 urte zituen gatibu hartu zuten unean eta bere azalean sufritu zuen bizitzak eta pertsonak suntsitzeko kartzelak betetzen duen funtzioa. «Espetxeak denengan uzten du arrastoa», dio ziur.

Espetxealdia are gehiago gogortuko zuen gertakaria jazo zen 2008ko uztailean: Guardia Zibilak Anabel Prieto Anerren neska-laguna atxilotu zuen. Kartzelan egonda izan zuen atxiloketaren berri, eta bertan ezagutu zuen Prietoren tortura testigantza lazgarria.

Prietok espetxean emandako urte eta erdia elkar ikusi gabe eman zuten. Gutunak eta hamabost egunetik behin telefono bidezko bost minutuko hizketaldia zuten komunikatzeko bide bakarra, eta, azken hori ere, kartzelarien borondatearen arabera.

2010eko apirilean atera zen Aner espetxetik. Ordurako Anabel kalean zegoen eta prebentibo gisa biek elkarrekin emandako denbora apurra bizitza berreraikitzeari eskaini zioten. «Gure bikote harremanean inbertitu genuen denbora, gure bizitza berreskuratzeko bide horretan», esan digu.

Buruak indartu ondoren, guraso izateko hautua

Anerren hitzek intentsitatea ematen dute aditzera, elkarrekin emandako hilabete horiek bizi gogo gehiagorekin bizi izango balituzte bezala. Dena, baina, ez da arrosa kolorekoa. «Kartzelak suntsitu egiten du eta hori onartzen ez duenak arazo bat du. Egia da espetxe barruan ez zarela horren jabe, baina kalean... hor bai konturatzen zarela espetxeak eragindako zauriekin», dio argi. «Gu, gainera, biok ginen gaizki –jarraitu du azaltzen–. Anabelek tortura larriak sufritu zituen... Pozik geunden elkarrekin eta kalean geundelako, noski, baina, era berean, bakoitzak berea zuen atzean. Argi genuen fase berri bat ireki nahi genuela gure arteko harremanean, baina horretarako indartsu egon beharra genuen biok».

Euren buruak indartzen emandako denboraren ostean hartu zuten guraso izateko erabakia. Denboraren orratzak aurka zituzten, iristear ziren epaiketak eta espetxeratze aginduak. Horretan, baina, zorteak euren alde egin eta nahi bezain azkar gelditu zen Anabel haurdun. Bost hilabeteko zegoela iritsi zen Anabelen aurkako epaiketa, eta, hilabete ondoren, gelditzen zaion hiru urte eta erdiko zigorra betetzeko atxilotze agindua.

Euskal Herrian erditzeko aukera eskatu zuten, eta, hala, Anabelen espetxeratzea atzeratu zuten; «guk aukera guztiak genituen mahai gainean, baina egia da ederra izan zela erditzean elkarrekin eta Euskal Herrian egon ahal izatea», aitortu digu.

Aiurrek 10 egun zituela utzi zuen Euskal Herria atzean. Erditzearen ondorioak oraindik presente sartu zen Anabel kartzelan, Aiur altzoan zuela. Familian egin zuten Aranjuezerako lehen bidaia hura, eta bakarrik egin zuen Anerrek bueltarako bidea. Ez du hitzik kartzela atarian bakarrik gelditu zenean izandako sentimendu eztanda definitzeko. «Nire bizitzako unerik gogorrena izan zen, zalantzarik gabe. Ez dut bizitza osoan ahaztuko», dio.

Euskal Herrira 3 urte betetzen dituen egunean bueltatuko da Aiur, legeak ez baitio amarekin denbora gehiagoz egoten baimentzen. Aner oraindik epaiketa zain dago, eta espetxea ere zain izan dezake. Epaiketa data oraindik ezartzeko du, baina, aurki eginez gero, Aiurrek bost hilabetez, ama askatu bitarte, senide edo lagunekin bizi beharra izan dezake.

Beldurra

Anabelek eta Anerrek beldur diote une horri. Anabelentzat gogorra izango da semea altzotik askatzea, eta, espetxe atarian, agian, ez du aita zain izango. «Hori da bizi beharko dugun egoera zailena, baina prest gaude aurre egiteko. Aiur izateko erabakia ez zen erraza izan, baina gure aukera izan da. Gure bizitza modu oso batean baldintzatuko ez zigutela argi genuen, eta, behin erabakia hartuta, aurrera egingo dugu beti. Eta ez hori bakarrik, bigarren seme-alaba noiz ekarriko dugun pentsatzen ari gara dagoeneko!», dio irribarrea ahoan.

«Bizitza erronka hutsa da, etenik ez duen erronka. Guk bestelako jendarte batekin amesten dugu, eta, tamalez edo zorionez, korrontearen kontra joatea egokitu zaigu. Eta joango gara», esanaz bukatu du bere historia.