NAIZ.INFO
BERMEO

Sutean kaltetutakoen omenez jaurti du teila Bermeoko alkateak

Madalen eguneko tradizioari jarraiki, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak uretara jaurti du teila Izaro irlaren parean. Aurten apirileko sutean kaltetutakoen omenez egin du.

Idurre Bidegurenek teila jaurti duen unea. (ARGAZKI PRESS)
Idurre Bidegurenek teila jaurti duen unea. (ARGAZKI PRESS)

Urtero Madalen egunez Izaroko irlaren aurrean Bermeoko agintariek uretara jaurtitzen duten teila apirileko sutean kaltetutakoen omenez egin dute gaur. XVII. mendetik betetzen den tradizioa da eta Bermeoko mugak gogoratzea du helburu.

Aurten, Idurre Bideguren alkateak sutearen hondakinetan jasotako teila erabili du, kaltetuei keinu bat egin nahian.

Eguerdian atera da Bermeotik agintariak Elantxobera eramaten dituen itsasontzia, hainbat ontzi atzean zituztela. Izaro irlaren parean, Bermeoko bandera eta ikurrina altxa ostean, alkateak tradizioak agintzen duen esaldia bota du: «Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak». Handik Elantxobera joan dira eta hango alkateak aginte-makina eman dio Bidegureni, egun batez herri horretako alkate ere bihurtu delarik.

Eguna Elantxoben pasa ostean, arratsaldean atzera Bermeora itzuliko dira, Mundakan geldialdia egin ondoren.