NAIZ.INFO
HECHO

Tolosako haur bat larri zauritu da, tximista batek harrapatuta

Tolosako 12 urteko haur bat larri dago Zaragozako ospitalean, Pirinioetan zegoela tximista batek jo ondoren. Talde berean zihoazen beste sei ume ere artatu behar izan dituzte.

Tolosako 12 urteko haur bat tximista batek jo zuen atzo Petretxema mendian, Pirinioetan. Umea scout talde batekin udalekuetan zegoen, Belagoan, eta mendi ibilaldia egitera joanak ziren.

Ezbeharra arratsaldeko lehen orduan gertatu zen. Tximista burutik sartu eta oinetatik atera zitzaion, eta larri zauritu zuen haurra. Larrialdi zerbitzuei abisua eman ondoren, erreskatatu eta helikopteroz eraman zuten Zaragozako Miguel Servet ospitalera. Larrialdien unitatean ingresatuta dago, egonkor. Bere egoerak hobera egin du, Efe agentziaren arabera.

Tximistak talde bereko beste sei haur ere harrapatu zituen eta Hechoko osasun zentroan artatu behar izan zituzten, zorabio eta belarriko minarekin.