NAIZ.INFO
DONOSTIA

Zortzi zezen hil dituzte kamioi batek istripua izan ondoren

Zezenketetarako zortzi zezen zeramatzan kamioi batek istripua izan du goizaldean Etxegaraten eta, ondorioz, animaliak hil egin behar izan dituzte, Lakuako Segurtasun Sailaren arabera.

Kamioi batek istripua izan du gaur goizaldeko 3.00ak aldera Etxegarateko mendatean, N-I errepidean. Ibilgailua irauli egin da eta errepidea moztuta geratu da Donostiarako norabidean.

Kamioiak zezenketetarako zortzi zezen zeramatzan eta ezbeharraren ondorioz hil egin behar izan dituzte, Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez.

Errepidea goizeko 6.00etan ireki dute berriro, kamioia erretiratu ondoren.