NAIZ.INFO
TOKYO

Fukushimako zentralak 300 tona ur erradiaktibo isurtzen ditu egunean itsasora

Krisi atomikoa eragin zuen Fukushimako zentral nuklearrak egunean 300 tona ur erradiaktibo itsasora isurtzen dituela jakinarazi du Japoniako Gobernuak.

Hainbat teknikari, Fukushimako zentralean lanean. (AFP PHOTO)
Hainbat teknikari, Fukushimako zentralean lanean. (AFP PHOTO)

Japoniako Gobernuak egindako iragarpena une larrian iritsi da, Fukushima kudeatzen duen TEPCO konpainiak berriki kezka azaldu baitu erreaktoreen sotoetan dagoen uraren kutsadura maila etengabe gora egiten ari delako.

Hala ere, Tokyoko Gobernuak zehaztu du itsasora isurtzen den ur gehiena zentralaren inguruan gelditzen dela. Izan ere, portua isolatuta dago, zentrala babesten duten dikeei esker.

Azken iragarpen hau egin aurretik, Shinzo Abe lehen ministro japoniarrak TEPCOri isurketak kontrolatzen laguntzeko plana egin dezala eskatu dio Toshimitsu Motegi Industria ministroari.

Zentzu horretan, Gobernuak datorren ekitaldiko aurrekontutik dirua eskatuko du Fukushima inguruan proiektu berri bati ekiteko. Helburua da zentralaren inguruko lurra izoztea, ura ateratzea ekiditeko.

Iragan uztailaren 23an onartu zuen TEPCOk, 2001ko martxoan izandako krisi nuklearretik lehen aldiz, kutsatutako ur hori itsasora igarotzen ari zela.

Hori ekiditeko, Tokyo Electric Power konpainiak zentralaren sotoetan lurpeko hesi batzuk eraiki ditu, eta ur erradiaktibo hori ponpatzen hasi da, depositoetan gordetzeko.

Hasiera batean TEPCOk hil honen bukaeran hasi nahi zituen ur hori drainatzeko lanak, baina prozesua aurreratu behar izan du, kutsadura mailaren etengabeko igoera dela-eta.

Fukushimako katastrofea jazo zenetik, 3.500 lagun inguruk lanean jarraitzen dute krisi atomikoa behin betiko amaitutzat emateko. Lan hori 30 edo 40 urtez luzatuko dela espero da.