NAIZ.INFO
IRUÑEA

Aske geratzeko zorian zegoen Marilo Gorostiaga preso iruindarrari zigorra luzatu diote

Espetxeratze arinduan dagoen Marilo Gorostiaga euskal presoari ezarrita zuen zigorra luzatu diotela salatu du Etxeratek, aske geratzeko egun batzuk ez baitzituen falta. Bestalde, Ventura Tome gaixotasun larria duen presoaren Euskal Herriratzea ukatu dutela ere gaitzetsi dute.

Ohar baten bitartez, presoen senide eta lagunen elkarteak gogor arbuiatu du Marilo Gorostiaga presoari zigorra sei hilabetez luzatu izana, aske geratzeko egun batzuk baino falta ez direnean.

1994tik espetxean dago iruindarra, eta 2008ko azaroan, dituen gaixotasunak tarteko, espetxeratze arindua ezarri zioten. «Ordutik, Iruñeko bere etxean jarraitu du zigorra betetzen, betiere baldintza zehatz batzuen pean», adierazi du Etxeratek.

Gogoratu dute iragan asteazkenean osorik bete zuela Gorostiagak ezarri zioten zigorra eta, hortaz, aske geratu behar zuela, baina erredentzio batzuk bertan behera utzi dizkiotela jakinarazi eta sei hilabetez luzatu diote zigorra. 

Presoaren abokatuak erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu du eta horien inguruko ebazpenaren zain daude.

Bestalde, larriki gaixo dagoen Ventura Tome preso tafallarraren Euskal Herriratzeko eskaerari uko egin diotela salatu du Etxeratek.

«Baina zoritxarrez, arestian aipatutako preso eta gaixorik dauden bi pertsona hauen kasuan trikumailu ezberdinen bitartez, askapena edota bere osasun asistentzia egokia bermatuko lukeen lekualdatzea ukatu dizkiete, beraien eskubideak guztiz zapaldu», salatu du Etxeratek.