Xole ARAMENDI
DONOSTIA

Angel Yanci, hogeita bi urtez artzain Nevadan eta Kalifornian

Hogeita lau urte zituen Angel Yancik senitartekoak eta lagunak Lesakan utzi eta Nevadarako bidea hartu zuenean. Guztira 22 urtez egon zen AEBetan, bi egonalditan. Lehenengo aldiz 1952an joan zen, Elkora (Nevada). Beste hainbat herritar gazterekin batera egon zen han. Ondoren, 1967. urtetik aurrera, Kalifornian bizi izan zen, arrantxo batean. Ordurako, familia sortua zuen.

Angel Yanci, ardiak lagun dituela, 1954. urteko argazki batean. (EUSKAL ARTZAINAK AMERIKETAN)
Angel Yanci, ardiak lagun dituela, 1954. urteko argazki batean. (EUSKAL ARTZAINAK AMERIKETAN)

Laurari begiak busti zaizkio, bere gurasoen maitasun istorioa gogoratuz. «Ameriketara joan aurretik ezagutu zuten elkar. Aitak 24 urte zituen, amak 11. Aita lagunekin gaupasa eginda zebilen. Otsaila zen eta inauteriak izango ziren. Halako batean, sua ikusi zuten. ‘Agorretxebarrian zerria hiltzen ari dituk!’, erran zioten elkarri. Bertara joan eta aitatxik sukaldera gonbidatu zituen. Ama mokadua zerbitzera hurbildu zitzaien. Etxetik joan aurretik, aitxariri zera esan zion aitak: ‘Neska polit hau niretzat gorde behar duzu. Ameriketatik bueltan, ezkondu egingo gara’. Amak hura entzun eta gogoan gorde zuen. Ameriketan zegoela, han lagun artzain batek etxetik gutuna jaso zuen. Bat-batean, argazkian, berriz ikusi zuen ama. ‘Nor da neska polit hori?’, galdetu zion aitak. ‘Agortxeberriko Txelo’, izan zen erantzuna. Artzain lagunaren lehengusina zen», kontatu du.

Gutun bidezko harremana izan zen. «Maitemindu eta hemen ezkondu ziren. Amak hogei urtetik gora zituen. Oso ederra omen zen, Bortzirietako Grace Kelly deitzen zioten», esan du. Kaliforniara joan ziren bizitzera, Dixonera. Han jaio ziren Julian Iantzi –ETBko aurkezlea–, Beñardo eta Laura.

Julianek zazpi eta Laurak bi urte zituztenean itzuli ziren herrira. «Pisua erosia zuten Lesakan eta Laminaciones de Lesaca lantegian lana eskatua. Baina bi urte zain egon ondoren, erantzunik ez. Aurreztutako sosak gutxitzen ari zirela-eta, Kaliforniara itzultzea beste biderik ez zuten ikusten. Amaren anaia bati zer asmo zuten esan, hark nola joango ziren galdetu, eta lantegiko enkargatuarekin hitz egin zuen. Lana eskaini zioten. Ia bueltan joan ginen, baina azkenean hemen geratu ginen. Hamabost urtez lanean aritu ondoren, 57 urterekin eman zioten erretiro-aurrekoa, soldataren %100ekoa. ‘Azkenean, Ameriketak hemen egin ditut!’, esaten zuen aitak», gogoratu du Laura Igantzik.