Espainiako eskuin muturrak gogor hartu ditu Jesus Egigurenek konponbidearen alde gaur egin dituen adierazpenak. PSEko kideak presoen gerturatzea eskatu du «ahalik eta azkarren ETA iragana izan dadin», gainera dispertsioak «zentzurik ez» duela esan du.
AVT elkarteko presidenteak, Angeles Pedrazak, hitz gogorrak izan ditu bere aurka. Bere ustez «lotsagarria da Zuzenbide Estatu batean presoentzat, hiltzaileentzat, eskubide gehiago eskatzea terrorismoaren biktimentzat baino».
Bide beretik hitz egin dute Espainiako polizien SUP eta CEP sindikatuek. Euren «mespretxu erabatekoa» erakutsi diote Egigureni. Halako eskariek «euren bizitza arriskuan jarri duten polizia eta guardia zibilei frustrazioa» eragiten diela adierazi dute.