Jose Angel Oria

Energia eredua

AEBetako Energia sailak IEO International Energy Outlook txostena kaleratu du, energia kontsumoak munduan izango omen duen bilakaera marraztuz. AEBetako Gobernuaren proiekzioen arabera, 2040an erregai fosilak erabiltzen segituko du munduak. Bestelako energia eredu bat defenditzen duten ekintzaileak ezinbestekoak dira konpainia handien asmoei aurre egiteko.

Petrolioak energia iturri nagusia izaten jarraituko du 2040an. (Jess YU / THINKSTOCK)
Petrolioak energia iturri nagusia izaten jarraituko du 2040an. (Jess YU / THINKSTOCK)

Nolakoa izango da mundua 2040an? Zerk mugituko du planeta? Nola lortu eta kontsumituko da energia? Honela genion GAUR8-n abuztuaren 31ko alean: «Erregai fosilen aroa atzean utzi eta energia berriztagarrien aroari hasiera emateko arrazoi ugari daude gaur egun, baina aldaketa horrek sekulako kalteak eragingo lizkieke munduko petrolio eta gas konpainia handienei. Beraiek petrolioaren aroari eutsi nahi diote, kosta ahala kosta, eta fracking-ari esker beste 50-60 urtetan negozio egiten jarraitzea espero dute. Aldi berean, energia berriztagarrien garapenari oztopo gehiago jartzen dizkiote agintariek. Haustura hidraulikoaren inguruko gatazkaren emaitzaren araberakoa izango da gure planetaren egoera datozen hamarkadatan».

Orain, berriz, paragrafo horretan aipatutako petrolio eta gas konpainia handien asmoen berri izan dugu. AEBetako Energia Sailak IEO International Energy Outlook (energiaren nazioarteko ikuspegia) txostena kaleratu du, energia kontsumoak munduan izango omen duen bilakaera marraztuz.

Argazkia konpainia horiek gustura uzteko modukoa da, beraien negozioak gora egiten jarraituko duela esaten baitie: 2040an petrolioa, gasa eta ikatza izango dira gehien ekoitzi eta kontsumituko diren erregaiak, fosilak alegia, eta energia berriztagarriek gaurko egoera berean jarraituko dute: energiaren tartaren zati txiki bat izaten.

«Egia da hemendik ia hiru hamarkadetara energiaren egoera nola egongo den esaten duen edozein iragarpen ez dela fidagarria. Datozen urteetan gerta daitezkeen hondamendiek eta gatazkek izango duten eragina aurreikustea oso zaila da. IEO txostenak estatistika ugari eta oso hizkera teknikoa eskaintzen baditu ere, gure planetaren geroaren marrazki kezkagarria egiten du», idatzi du TomDispatch webgunean Michael T. Klare irakasleak. Klare unibertsitateko irakasle estatubatuarra da eta giza eskubideez, armagintzaz, geopolitikaz eta energiaz idatzi dituen ehunka artikuluengatik eta liburu andanagatik oso ezagun egin da.

«Guretako askok pentsatu nahiko genuke 2040rako munduak aurrera egingo duela, ordurako industria berdeagoa izango dela eta eguzki, haize eta bestelako energia berriztagarriak izango direla gehien ekoitziko direnak. IEO-k beste zerbait esan digu. Aurreikusten duen munduan ikatzak energia gehiago emango du iturri berriztagarriek baino, eta petrolioak ere oso garrantzitsu izaten jarraituko du, haustura hidrauli- koaren eta beste teknika ez konbentzionalen bitartez gero eta erregai fosil gehiago aterako baita lurpetik. Eguzki eta haize energiek egun baino erabilera handiagoa izango dute, baina kontsumoaren zati txiki bat baino ez omen dute emango», Klare irakasleak esplikatu duenez.

IEO txostenak egiten duen ariketa oso zaila dela nabarmendu du irakasleak. «Egungo egoera estrapolatuta aurreikusten du etorkizuna. Ez du inolako etorkizun senik. Egileek ezin dituzte imajinatu energiaren inguruan gertatuko diren aurrerapen handiak, oraindik gertatu ez direlako. Ezta energiarekiko jarrera aldatzea eragin dezaketen beste faktoreak ere: gerrak, hondamendi ekologikoak, atzeraldi ekonomikoak… Hala ere, gaur egun egiten ari diren ahaleginak neurtzen dituenez, epe luzera eragin handia izango duten ahaleginak (esaterako, eskisto petrolioa eta gasa ateratzeko mundu osoan egiten ari diren inbertsio ikaragarriak), etorkizuneko energia krisia imajinatzeko sekulako baliabidea eskaintzen du» txostenak.

AEBetako Energia Sailak marrazten digun geroan ez dago itxaropenerako leku handirik. Energia kontsumoak gora egiten jarraituko du, ikaragarri gainera: 2010ean 524 koatrilioi BTU kontsumitu ziren, 2040an, berriz, 820 kontsumituko dira; hau da, %56ko igoera (296 koatrilioi BTU) 30 urtetan, klima aldaketari aurre egin ahal izateko kontsumoa murriztu egin behar dela esaten dugun arren, baina faktore hori kontuan hartzea ez da konpainia handien gustuko, beraien negozioa arriskuan ipintzen baitu.

BTU ingelesezko British Thermal Unit-en laburdura da: libra bat (453,592 gramo) uren tenperatura Fahrenheit gradu bat igotzeko behar den bero energiaren kantitatea. Koatrilioi bat, berriz, milioi bat trilioi dira.

Munduan kontsumituko den energia kopuruaren zati handi bat, gero eta handiagoa, garapen bidean dauden herrialdeei dagokie; Asiakoei, batez ere. Aurreko paragrafoan aipatutako 296 koatrilioi BTUko igoerako 250 koatrilioi pobreziatik irteten ari diren herrialdeentzat izango dira, %85 inguru, betiere AEBetako Energia Sailak egin duen txostenaren arabera.

Eta gorako joera horretan Txinak sekulako pisua izango du. Dagoeneko munduan energia gehien kontsumitzen duen herrialdea da eta ez du titulu hori berehala galduko. Kontsumoaren gorakadaren %40 inguru tokatuko zaie txinatarrei datozen hiru hamarkadetan.

Ez dago datu harrigarririk IEO txostenean, egungo egoeraren estrapolazioa besterik ez baitute egin. Hori bai, ez dituzte herrien nahiak eta borrokak estrapolatu, horiek ez dituzte ekuazioan sartu, nahiz eta bilakaera baldintzatzeko sekulako kemena duten. Klare irakaslearen ustez, Energia Saileko adituek egindako proiekzioa zehatza izango balitz, sekulako eraginak izango lituzke ekonomian zein politikan, gizakion osasunean zein ingurumenean: «Gero eta handiagoa izango den eskaria asetzeko, energia ekoizleek erregai fosil guztien ekoizpena handitzeko ahalegina egin beharko dute, klima aldaketan erregai horiek duten eraginaren inguruko kezka herritarren artean hazten ari den garaian».

Aldi berean, energia gehien kontsumitzen duten herrialdeen sailkapena erabat aldatuko da. Goiko postu guztietan herrialde industrializatuak egotetik, horien artean garapen bidean dauden herrialdeak egotera pasako gara. Adituen arabera, sekulako lehia izango da erregaien inguruan. Azken hamarkadotan ezagutu dugun egoera (petrolioaren inguruko gerrak), beraz, ez da gehiegi aldatuko.

TomDispatch webgunean Michael T. Klare irakasleak egin duen analisiaren arabera, IEO txostenaren ondorioen garrantzia behar bezala ulertzeko, lau «joera kritiko» eduki behar dira kontuan: erregai fosilen nagusitasuna, teknika ez konbentzionalen bitartez lortuko diren erregai fosilen proportzioa (gero eta handiagoa), karbono dioxidoa eta berotegi efektua eragiten duten beste gasen isurketa eta «energiaren geopolitikaren aldaketa esanguratsuak».

Fosilen nagusitasuna

Erregai fosilak izango dira gehien kontsumituko direnak, baina energiaren tartaren banaketan zati zertxobait txikiagoa izango dute etorkizun hurbilean: 2010ean mundu osoan kontsumitzen zen energiaren %84 lortzen zen erregai fosiletatik, eta 2040an proportzio hori %78ra jaitsiko da (petrolioarentzat %28, ikatzarentzat %27 eta gasarentzat %23 aurreikusten dute adituek). Energia berriztagarrientzat askoz ere ehuneko txikiagoa uzten dute.

Erregai fosilen artean, petrolioak eta ikatzak gasak baino pisu handiagoa izango dute, nahiz eta fracking-ari esker gasak ere gora egingo duen. Adituek uste dute petrolioak bere nagusitasunari eustea ulertzekoa dela, Txinan, Indian eta Asiako beste herrialde batzuetan auto, kamioi eta kamioneta eskariak etengabe gora egingo duelako. Gehiago kostatzen da ikatzak horrenbesteko «arrakasta» izango duela ulertzea, AEBetako eta Europako konpainia publikoek ikatza baztertu eta gasaren aldeko apustua egin baitute. «Baina industrializatutako herrialdeetan ikatzaren erabilera murrizteko neurriak hartzen diren bitartean, garapen bidean dauden herrialdeetan ikatz gehiago ateratzea erabakiko dute, arrazoizko prezioko argindarraren eskariak gas kutsakorrek eragindako kezkak baino indar handiagoa baitauka», Klareren arabera.


AEBetako eta Europako konpainia publikoek ikatza baztertu eta gasaren aldeko apustua egin duten arren, txostenak dio gasa baino garrantzitsuagoa izango dela petrolioarekin batera. (Jess YU / THINKSTOCK)

Txostenak aurreratzen duen moduan, erregai fosilek beren nagusitasunari eusten badiote, horiek ekoizten dituzten konpainia handiek ere bai. Klimaren edo energiaren inguruko erabaki politikoak hartzeko garaian sekulako eragina izango dute konpainia horiek, AEBetako herritar batzuek egunero ikusten duten moduan. Aldi berean, berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak gora egingo du eta, horrekin batera, mundu osoan gertatuko diren hondamendiek (lehorteak, urakanak, uholdeak, suteak…).

Teknika ez konbentzionalak

Gaur egun kontsumitzen den petrolio, gas eta ikatz gehiena iturri «konbentzionaletatik» dator: lurrazaletik gertu dago erregaia, edo itsasertzetik gertu, eta garraiatzeko eta prozesatzeko garaian ez dago arazo handirik. Baina horrelako erregaia desagertzear dago eta, IEO txostenaren arabera, 2040an bide horretatik lortutako erregaiak ez dira nahikoa izango orduan egongo den eskaria asetzeko.

Horregatik, iturri «ez konbentzionalak» erabiltzeko asmoa dute konpainia handiek, eskariari erantzuten jarraitzeko. Fintzeko garaian arazoak emango dituzten gaiak erabiliko dituzte, edo sakonera handitik ateratakoak, edo itsasertzetik urruti daudenak… Kanadan area asfaltodunak tratatuko dituzte, Venezuelako petrolio astuna, Artikotik atera nahi duten erregaia, eskisto gasa… Neke handiagoz eskuratuko dute erregaia, kutsadura handiagoa eraginez... eta, gaurko aldean, oso garesti.

Iturri «ez konbentzionalak» oso gutxi erabili izan badira ere, gauzak aldatzen hasiak dira. Orain 13 urte, gas naturalaren zati txiki bat baino ez zen lortzen iturri horietatik; 2010ean, gasaren %23; eta 2040an, %50etik gora. Tankerako igoerak espero dituzte gainerako iturri «ez konbentzionalei» dagokienez. Erregai horiek lortzea gehiago kostatzen da eta fintzeko garaian ere lan gehiago ematen dute. Garraiatzeko garaian ere arazoak ematen dituzte. Beraz, erregai horiek ateratzeko energia gehiago kontsumitu behar da, eta karbono dioxido gehiago isurtzen da. Haustura hidraulikoaren kasuan, ur gehiago behar da, eta likido hori lortzeagatik ere gatazkak aurreikusten dituzte adituek.

Karbono dioxidoa

Gaur egun baino askoz ere erregai fosil gehiago erabiliko da 2040an. Orduan kontsumituko diren 820 koatrilioi BTUtatik, 673 koatrilioi erregai fosiletatik irtengo dira (2010ean, 440 koatrilioi BTU). Emaitza, IEO txostenak onartzen duenez, karbono dioxidoaren eta beste gas kutsakorren isurketa ikaragarri haziko dela. Karbono dioxidoa da berotegi efektua eragiten duten gasen artean nabarmentzeko modukoa, eta erregai fosilak dira kutsadura hori gehien eragiten dituztenak. Beraz, IEO txostenak egindako proiekzioek planeta nahasi bat aurkezten digute, karbono dioxido isurketak %46 haziko baitira 30 urtetan, klima aldaketari aurre egiteko isurketa horiek murriztu egin behar direla esaten badigute ere. 2010ean 31.200 milioi tona dioxido isuri ziren, eta 2040rako 45.500 milioi tona aurreikusi dituzte. Beldurgarria da bilakaera horrek planetaren beroketan izan ditzakeen ondorioak imajinatzea. Ikatza da «erruduna», 14.300 milioi tonako igoeraren %48 erregai horrek eragindakoa izango baita. Txina, batez ere, eta India dira gero eta ikatz gehiago kontsumitzen duten herrialdeak, CO2-ak eragingo dituen kalteen «erantzule nagusiak», kopuruak herrialdeka aztertuz gero. Jakina, gizaki bakoitzak kutsatzen duenari erreparatuz gero, estatubatuarrek eta europarrok asiarrek baino askoz ere erantzukizun handiagoa dugu. Eta 2040rako ez da egoera hori aldatuko.

Geopolitika

2013ko International Energy Outlook txostenak energia kontsumoaren bilakaerak eragingo dituen tentsio geopolitikoak ere kontuan hartu ditu. Batez ere iturri ez konbentzionalek eragingo dituztenak. Erregaiak bide konbentzionaletatik lortzeko jakinduria oso hedatuta dago munduan, baina bide ez konbentzionalekin ez da gauza bera gertatzen. Egileek uste dute gaitasun horiek dituzten herrialdeak besteak baino hobeto egongo direla datozen urteetan, energiari dagokionez.

AEBen egoera, esaterako, erabat aldatu da. Orain urte batzuk aditu guztiek errepikatzen zuten Ameriketako erraldoiak Afrikako eta Ekialde Hurbileko erregaien menpekotasuna zuela, eta horregatik oso urrutiko gatazketan ere esku hartu beharra izaten zuela. Orain, haustura hidraulikoa eta bestelako iturri ez konbentzionalak garatu dituenez, ez du inportazioekiko horrenbesteko menpekotasunik eta posizio hobean dago munduko energiaren merkatuan.

Txostenak goraipatu egiten ditu estatubatuarrek egin dituzten ahaleginak: «Horri esker, azken hamar urteotan ia bikoiztu egin da AEBek lortu dezaketen gas natural kopurua».

Kontrako egoeran dago Errusia, teknologia berri horietan ia ez baitu urratsik egin. Munduko herrialderik handienak petrolio eta gas asko esportatzen du eta hortik ateratzen ditu baliabide ekonomiko gehienak. Baina erraz ateratzeko moduko erregaiak agortzen ari dira eta iturri ez konbentzionalei begira jarri beharko du Moskuk, baina kostatuko zaio, Klare irakaslearen iritziz: «behar dituen teknologiak lortzeko garaian arazoak izango ditu, atzerriko konpainiei historikoki eman dien tratu txarren eraginez».

Txinak bestelako arazoak konpondu beharko ditu. Larriena, ikaragarri hazten ari den energia eskariari aurre egitea. Gero eta erregai gehiago behar du eta, adituen arabera, AEBek orain urte batzuk arte izan zuten egoera berean dago. Eskisto gasa ere badu Asiako erraldoiak, baina hori lurpetik ateratzeko teknologiarik ez.

AEBetako agintariek behin eta berriz esaten dute herrialdeak energia lortzeko teknologia berrietan lortu duen nagusitasunari esker bertako ekonomia gora egiten ari dela eta herrial- detik kanpo duen eragina ere hazi egin dela, eta menpekotasunak, aldiz, behera egin duela. Herrialdeak hamarkada askotan izan duen nagusitasunari eutsi nahi dio, petrolioaren aroa ahal duten guztia luzatuz, eta IEO txostenak hori lortzeko argudioak eskaintzen ditu. Baina energia kutsakorren alde egiteak sekulako kalteak eragingo ditu planetan, eta herritarrek agintariak estutu beharko dituzte, energia garbien eta berriztagarrien alde egin dezaten.


AEBetako Energia Sailak marrazten digun geroan, energia kontsumoak gora egiten jarraituko du; ikaragarri, gainera. Irudia Duisburg Alemaniako hirian egindakoa da. KLIK handiago ikusteko(Michael UTECH / THINKSTOCK).