NAIZ.INFO
IRUÑEA

Nafarroako Gobernuak 2012tik «euro bakar bat ere» ez diela eman salatu dute AEK-k eta IKAk

AEK-k eta IKAk salatu dutenez, Nafarroako Gobernuak ez die «euro bakar bat ere» eman 2012ko urritik, nahiz eta 2013ko aurrekontuetan 245.000 euroko kontu-saila onartu zuen. Abenduaren 11n elkarretaratzea egingo dute.

AEK eta IKAko ordezkariak, Iruñean egin duten agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
AEK eta IKAko ordezkariak, Iruñean egin duten agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

AEK eta IKAko ordezkariek agerraldia egin dute Iruñean, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika gaitzetsi eta helduen euskalduntze-alfabetatzeaaren egoera zertan den azaltzeko.

Adierazi dutenez, 2013ko aurrekontuetan 245.000 euroko kontu-saila onartuta bazegoen ere, 2012ko urritik ez dute «euro bakar bat ere» jaso UPNren Gobernuarengandik, «ez baitu diru-laguntzak banatzeko deialdirik egin nahi izan».

Horrenbestez, urtebete baino gehiago «deus kobratu gabe» egin dutela salatu dute, eta gainera «ez digute beraien erabakiaren berri eman, ez digute laguntza jaso behar genuen edo ez inoiz garbi esan», eskatutako tramite guztiak egin arren.

Diru-laguntzak kudeatzeko Gobernuak zuen teknikaria ere kendu egin duela salatu dute AEK-k eta IKAk.

Beren lana aurrera ateratzeko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, AEK eta IKAko irakasleek kanpaina bereziak egin behar izan dituzte dirua biltzeko, ikasleek ordaintzen dutena «oso gutxi» baita.

Euskarabidearen hitzkuntza-politika «negargarri eta suntsitzailea» ere hizpide izan dute, eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari honen guztiaren gainean hitz egiteko hitzordua eskatu diotela jakinarazi dute.

Abenduaren 11n elkarretaratzea egingo dute AEK-k eta IKAk Nafarroako Gobernuaren egoitzaren inguruan, «zor digutena eskatzeko».