GARA

Ukrainak jaso ditu aurreneko 3.000 milioi dolarrak Moskutik

Ukrainak aurreneko 3.000 milioi dolarrak jaso zituen atzo Errusiarren eskutik, porrotetik libratuko duen 15.000 milioiko diru laguntzaren lehenengo zatia. Mosku azkar mugitu da Kievek bere inguruan jarraitzeko, eta oposizio ukrainarra, aldiz, indarra galtzen ari da, programa politiko zehatzik eta Julia Timoxenkoren karisma duen bururik gabe.

«Operazioa ostiralean burutu zen. Diruaren behin betiko transferentzia asteartean izango da», adierazi zuen Anton Siluanov Finantza ministro errusiarrak, Errusiak Ukrainari emandako diru laguntzaren hasiera iragarriz. Joan den astean Viktor Janukovitx presidente ukrainarrak Moskun egindako bisitan Errusiak 15.000 milioiko diru laguntza emateko hitzarmena sinatu zuen. Zor publikoa erosiz gauzatuko den laguntza honek Ukraina kiebratik libratu du. Gainera, Moskuk Ukrainari saltzen dion gasaren prezioa % 30 jaitsiko du. Ukrainako estatuko obligazioak erosi ahal izateko, «erabaki dugu gure bizilaguna sostengatzea, gure enpresak eta salerosketak babestuz», adierazi zuen Siluanovek.

Duela hiru urte Nazioarteko Diru Funtsak Ukrainarako 15.000 milioi dolarreko kreditua onartu zuen, baina 3.000 milioi bakarrik eman dio, aurretik erreforma garrantzitsuak egiteko eskatzen diolako. Janukovitxek baldintza horiek onartzeko ez dagoela prest berretsi du, batez ere gasaren prezioaren igoera.

Oposizioa geldialdian

Oposizioaren arabera, Errusiarekin egindako hitzarmena «Ukrania saltzea» da. Europar Batasunean sartzeko hitzarmena sinatzearen alde kalean protestari eusten badio ere, komunikabide ukrainarrek zalantzan jarri dute mugimendu horren etorkizuna, azken asteburuko manifestazioan aurrekoetan baino parte-hartze txikiagoa izan ondoren.

«Geldialdia Maidanen» titulatzen zuen «Segodnia» egunkariak, Independentzia plazako protesta-gunea aipatuz. «Oposizioburuek ez omen dakite nola atera tapoi erraldoi horretatik aurpegia galdu gabe», idatzi zuen Oles Buzina editorialistak. Baina Janukovitxen aldeko egunkari horrek ohartarazi zuen presidenteak ez duela partida irabazi oraindik, «ezkutuko Maidan» bat ere badagoelako, oligarka zaharrena, presidentearekin haserre.

«Kommersant Ukraine» eta «Komsomolskaïa Pravda Ukraine» egunkariek nabarmendu zuten oposizioak asmo handiak dituela baina plan praktikorik ez. Vadim Karasev politologoaren arabera, oposizioburuek ez dute Julia Timoxenkoren (atxilotutako Lehen ministro ohia) karisma lortu eta «galtzaileen estrategia» daukate, programa politikorik gabe. Aldi berean, Europar Batasuna baino azkarragoa izan da Errusia laguntza eskainiz.