NAIZ.INFO
IRUÑEA

TCC-ko hainbat langileri espedientea ireki dizkie enpresak, «sabotajeak» egotzita

Iruñerriko garraio publikoa kudeatzen duen TCC enpresak hainbat langileri espedientea ireki die, duela hamar egunetik egiten ari diren grebaren baitan bederatzi billabesetan kalteak eragitea egotzita. Bidaiatzeko txartelak saldu eta balioztatzeko gailuetan «sabotajea» egitea leporatu zaie.

Herritarrak billabesa batera igotzen, iragan asteko irudi batean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Herritarrak billabesa batera igotzen, iragan asteko irudi batean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

TCC enpresak ohar bidez jakinarazi duenez, billabesetako hainbat langileri espedienteak ireki dizkiete, bidaiatzeko txartelak balioztatzeko makinetan kalteak egitea egotzita.

Azaldu dutenaren arabera, atzoko egunez, inspektore batek ikuskatu zituen autobusak eta horietako bederatzitan aipatu makinetako kableak moztuta zeudela ikusi zuen.

Halako ekintzek gutxieneko zerbitzuen lana oztopatzeko xedea dutela argudiatu du TCC enpresak eta, jazotakoa oso larritzat hartuta, hainbat langileri espedientea irekitzea erabaki du.