NAIZ.INFO
IRUÑEA

TCCko langileak alderdiekin bilduko dira, konponbidean inplika daitezela eskatzeko

Iruñerriko garraio publikoa kudeatzen duen TCC enpresako langileek Legebiltzarreko taldeekin bilerak hasi dituzte gaur, duela bi astetik egiten ari diren grebaren arrazoiak azaltzeko. Zerbitzu publikoa denez, politikariek ere konponbidean parte hartu behar dutela uste dute.

TCCko langileek manifestazioa egin zuten joan zen larunbatean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
TCCko langileek manifestazioa egin zuten joan zen larunbatean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

TCC enpresako langileen ordezkariek bilerak hasi dituzte gaur Nafarroako Parlamentuko talde politikoekin. Oraingoz, Bildu, NaBai, PP, I-E eta Geroa Bairekin baieztatuta dituzte bilkurak, eta PSNk eta UPNrekin ere gaur bertan edo bihar egotea espero dute.

Juan Jose Jaime greba batzordeko ordezkariak Efe agentziari esan dionez, bilera horietan duela bi astetik egiten ari diren lanuztearen arrazoiak azalduko dizkiete, eta konponbidean politikariek ere parte hartu behar dutela helaraziko diete, TCCrena zerbitzu publikoa izaki.

Hala, alderdi politikoekin bilduta «bide diplomatiko eta negoziazio posible guztiak» agortzen saiatuko direla esan du.

Azken egunotan garraio zerbitzua kudeatzen duen Iruñerriko Mankomunitatearekin eta TCCrekin izan dituzten bileretan ez da aurrerapausurik izan, Jaimek azaldu duenez. Jose Muñoz Mankomunitateko presidenteak dimititzea «beharrezkoa» da langileen batzordeko ordezkariaren iritziz.

TCCk espedientea ireki die hainbat langileri, «sabotajeak» egotzita.