NAIZ.INFO
BAIONA

Kantonamenduak berrantolatzeko mapa ofiziala aurkeztu diete kontseilariei, eztabaida dezaten

Pierre-André Durand Pirineo-Atlantikoetako prefeta eta eskualdeko Kontseilari Orokorrak Pauen bildu dira arratsalde honetan, kantonamenduen berrantolaketaren mapa aurkeztu eta hari buruz eztabaidatzeko.

Prefetak Kontseilari Orokorrei aurkeztu dien mapa. (KAZETA.INFO)
Prefetak Kontseilari Orokorrei aurkeztu dien mapa. (KAZETA.INFO)

Prefetak Barne Ministeritza frantsesak diseinatutako mapa berria aurkeztu die kontseilariei eta departamenduko asanblearen iritzia bildu ondotik, prefetak ministeritzari helaraziko dio erabaki hori.

Ondotik, dekretua Estatu Kontseiluari aurkeztuko zaio eta azken horrek ofizialki baieztatuko du kantonamenduen mapa berria.

EH Bai koalizioak jakinarazi du Alain Iriart Hiriburuko auzapezak eta Kontseilari Orokorrak EH Bairen iritzia plazaratuko duela arratsaldean egiten ari diren bilkuran.

Prefetak azaldu du mapa berriaren helburuak berdintasuna‚ parekidetasuna eta hurbiltasuna direla. Berrantolaketa horrekin kantonamendu bakoitzean gizon eta emakume bana izanen dira Kontseilariak, eta horrek esan nahi du Ipar Euskal Herrian 24 Kontseilari Orokor izanen direla geroan. Gaur egun, 21 kantonamendu eta hainbat Kontseilari Orokor badira Ipar Euskal Herrian.

Prefetak azaldu duenez, kantonamenduen maparen proposamenaren aurrean egindako proposamenak ez ziren «balizkoak». Prefetak beraien iritzia eskatu die Kontseilariei eta ondotik eztabaida sutsu bat sortu da Kontseilari batzuen artean, Labazee, Lassere eta Jean Lassalle besteak beste.



14.30tan, Force64 talde zentristako kideek elkarretaratzera egin du mapa berria salatzeko, Kontseilu Orokorraren aintzinean. Jean-Jacques Lasserre senatari zentristak Georges Labazee Kontseilu Orokorreko presidenteari kanpoan ziren auzapezei sartzen uzteko eskatu dio.



Astelehenean, Max Brisson UMPko Kontseilari Orokorrak esplikatu zuen kantonamenduen berrantolaketak izan duen «logika bakarra» PSren «interesen» alde jotzea izan dela. Bere ustez, mapa berri horrek boterean den Alderdi Sozialistaren alde egina izan da, «lurraldeen dinamikaren» eta «errealitatearen» gainetik arituz.



Eztabaidak hasieratik


PSk egindako proposamenaren aurretik hainbat eztabaida egon ziren ere. Komunikabideetan atera zen maparen berrantolaketaren lehen proposamenean euskal-biarnes kantonamendu bat egiteko asmoa agertu zen. Alderdi desberdinetan erreakzio sutsuak piztu ziren mapa horren kritikatzeko.



Horren ondotik, EH Baik knatonamenduen berrantolaketarako hiru mapa proposatu zituzten, biztanle kopuruak eta herri elkargoen mugak errespetatuz.

 Abenduaren 27an, berriz ere komunikabideetan atera zen prefetak Kontseilari Orokorrei gaur proposatuko dizkien kantonamenduen berrantolaketaren mapa. Azkenean ez lirateke euskal-biarnes kantonamendurik eginen, eta orotara 12 kantonamendu izango lirateke Ipar Euskal Herrian.