GARA

Gobernu espainolak Amaiurri erantzun dio ez duela politikaririk zelatatzen

Gobernu espainolak ez duela antolakunde politikorik eta politikaririk zelatatzen erantzun dio Amaiurri, azaroan Ernaik bere egoitza batean aurkitu zuen espioitza sistemari buruz galdetzean. Iosu Lizarralde Sortuko kide eta Oñatiko zinegotziari Arrasateko bilera batetik ateratzean baso inguru ilun batean Guardia Zibilak egin zion galdeketaz azalpenak eskatzean, aldiz, gertaerak ukatu ditu.

Labur eta tinko erantzun dio espainiar Gobernuak Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak Ernaik salatutako espioitzaren gainean luzatutako galderari: Exekutiboak ez du gertaera horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen informaziorik, baina «Gobernuak ez du ez antolakunde politikorik ez politikaririk espiatzen». Gero gaineratzen du Estatuko segurtasun indarrek komunikazio batzuk bidean atzematen badituzte «epailearen aginduz eta kontrolpean» egiten dutela, «segurtasun arrazoietan oinarritutako ikerketa prozesuen» barruan.

Bestalde, azaroaren 5ean baso inguru batean Guardia Zibilak Iosu Lizarralderi egindako legez kanpoko galdeketaz argibideak eskatu dizkio Amaiurrek Gobernuari. Sortuko kideak hedabideei kontatu zienez, autoan zihoala bi patrol ikusi zituen Arrasate eta Bergara bereizten dituen biribilgunean. Horiek ez zuten gelditu; bai, ordea, bi kilometro aurrerago, Oñatiko bidean, errepide bazterrean zeuden bertze bi patruilek. Aparkatzera eta ateratzera behartu zuten. Handik mendi bide batera eraman eta legez kanpoko galdeketa egin zioten.

Madrilgo Exekutiboak gauzak ez zirela horrela gertatu erantzun du. Beraren arabera, autoa leku arriskutsu batean geldirik ikusi eta gauzak ongi zeudela egiaztatu zuten.