NAIZ.INFO
GASTEIZ

Swapen ondorioz Arabako Aldundiak 8,8 milioi galdu dituela salatu du EH Bilduk

Arabako Aldundiak sinatutako swapen ondorioz 8,8 milioi euroko galerak dituela salatu du EH Bilduk. Arrisku handiko finantza produktu horiek berriz negoziatu edo, behar izanez gero, salaketa jarri beharko litzatekeela aldarrikatu du koalizio abertzaleak.

Iragan azaroan, EH Bilduk salatu zuen Arabar elkarte publikoak, AP1 errepidea finantzatu ahal izateko, halako produktu bat kontratatu zuela eta, ondorioz, 3,9 milioi euro galdu dituela.

Ohar baten bitartez koalizioak adierazi du, aurrez aurkeztutako galdera bati esker jakin ahal izan duela Arabako Aldundiak beste bost swap dituela. Azken bi urteotan produktu horiek 4,9 milioi euroko galerak ekarri dituztela esan ondoren, 2014. urtean beste 4 milioi galduko direla kalkulatu du EH Bilduk.

Arabako biltzarkide abertzaleek azaldu dutenez, «aseguruz mozorrotutako kontratu hauek zalantza ugari sortzen dituzte», alde batetik, guztiak  2010etik aurrera sinatu zirelako, «ordurako horien eraginkortasuna zalantzan» zegoenean.

Bigarrenik, EH Bilduren azaldu du swapetako lau aurretik sinatutako kredituentzako zela, hau da, 2008tik 2010era mailegua sinatu eta gero swap horiek kontratatu.

 «Arraroa da kontuan hartzen badugu 2008tik aurrera interes tipoak jaisten hasi zirela», azaldu dute Gorka Ortiz de Ginea eta Lorena Lopez de Lacalle EH Bilduko kideek. Hirugarrenik, deigarritzat jo dute 2010ean sinatu ziren kontratu horiek 2012an sartu zirela indarrean, «ordurako interesak askoz baxuagoak» zirenean.

Koalizio abertzaleak esan duenez, «zaila da esatea» etorkizunean onurak ekarriko ote dituen, baina, koalizioaren aburuz, datozen urteotan ere tendentzia bera izango da.

Izan ere, argitu dutenez, atzo bertan diruaren prezioa %0,25ean, bere minimo historikoan, mantentzea erabaki zuen Europako Bankuak eta seguru hauek %3,19 eta 1,88 bitarteko tipoetan sinatuta daude.

Horregatik, koazlizio abertzaleak Arabako Aldundiari exijitu dio kontratu horiek berriz aztertzeko eta, behar izanez gero, salatu ditzan. Izan ere, aipatu dituzten adituen arabera, kontratu horiek baliogabetu daitezke eta orain arte epaitegietara heldu diren salaketa gehienek hori lortu dute.