Naiz.info
Baiona

Herriko Etxeetako hizkuntza-politikaren maila baxuaz ohartarazi du Kontseiluak

Ipar Euskal Herriko 19 udaletxetan darabilten hizkuntza-politika neurtu du Kontseiluak, eta aztertutako herrietatik bakar batek ere ez du neurri egokietara heltzea lortu.

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak, eta Ione Josie ordezkariak Baionan agertu dituzte neurketaren emaitzak. (Gaizka IROZ)
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak, eta Ione Josie ordezkariak Baionan agertu dituzte neurketaren emaitzak. (Gaizka IROZ)

2006 eta 2010en ondotik, Herriko Etxeetako hizkuntza-politiken neurketa hirugarren aldiz egin du 2013an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Ipar Euskal Herriko hemeretzi Herriko Etxeren hizkuntza-politika neurtu du Kontseiluak, eta aztertutako herrietatik bakar batek ere ez du neurri egokietara heltzea lortu.

Kontseiluak finkatutako irizpideen arabera, «euskarak egun bizi duen egoera diglosikoa gainditu eta normalizazioa bideratzeko beharrezkoa den hizkuntza-politika egokia 10 punturen gainean 7ko notak» definituko luke.

Emaitzei dagokionez, Hendaiak lortu du «nota onena» eta Angeluk kaskarrena, 2010eko emaitzetan bezala. Battitt Sallaberry auzapeza den herriak 3,08ko nota lortu du eta Jean Espilondorenak, aldiz, 0,3. Hendaiaren atzetik Sara eta Hazparne kokatu dira, 2,9ko notarekin.

Ione Josie Kontseiluko ordezkariak azaldu du «Herriko Etxeek hartzen dituzten erabakiak eragin zuzena dutela herritarrengan», eta «honek hartzen dituen erabakiak edota hartzen ez direnak gure bizitzaren ardatz bilakatzen» direla, hizkuntza arloan ere.

Berriro ere oroitarazi du usu entzuten dela Ipar Euskal Herrian «euskarak lege gerizarik ez duela» eta «Estatuaren politiken ondorioz, Herriko Etxeek ezin dituztela hizkuntza-politika egokiak gauzatu».

Kontseiluak egindako neurketaren arabera, hemeretzi Herriko Etxe desberdinek aplikatzen dituzten neurri egokiak bateratu eta herri bakar batean aplikatuz gero, hizkuntza-politika egokia batera hurbil daitekela, 5eko nota lortuko lukelako herri horrek.