NAIZ.INFO
IRUÑEA

Birziklatze tasa %77,9ra iritsi da Sakanan atez atekoarekin

Duela sei hilabete hondakinak gaika biltzeko sistema ezarri zutenetik birziklatze tasa %25etik %77,9ra igo da Sakanan, bertako Mankomunitateak azaldu duenez.

Adolfo Araizek eta Aitor Karasatorrek eman dituzte Sakanako birziklatze datuak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Adolfo Araizek eta Aitor Karasatorrek eman dituzte Sakanako birziklatze datuak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Sakanako Mankomunitateko lehendakari Aitor Karasatorrek eta gerente Adolfo Araizek atez ateko bilketa sistemaren balorazioa egin dute agerraldi batean. Azaldu dutenez, duela sei hilabete atez atekoa Olatzagutia, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Lakuntza, Arbizu eta Uharte-Arakilen ezarri zutenetik birziklatze tasa %25etik %77,9ra hazi da herri horietan.

Altsasun eta Irurtzunen sistema tradizionala mantentzen da eta herri horietan %26,08ko eta %28,31ko birziklatze tasa lortu zuten 2013an. Sistema mixtoa ezarri duten herrietan, aldiz, tasa %50,73koa da.

Herri guztiak kontuan hartuta, batez besteko birziklatze tasa %48,40koa da. Araizek nabarmendu duenez, «jauzi handia da», izan ere lehen %25 ingurukoa baitzen.