Naiz.info
Lisboa

Milaka lagunek gogoratu dute Portugalgo diktaduraren amaiera Lisboako kaleetan

Milaka portugaldar irten dira gaur Lisboako kaleetara diktaduraren amaieraren berrogeigarren urteurrenean. Ekitaldi jendetsua egin dute hiriburuan, egungo Gobernuari eta Troikari zuzendutako kritikak nagusi izan diren mobilizazioan.

Haur batzuk tanke batean, gaurko manifestazioan. (Alberto PRADILLA)
Haur batzuk tanke batean, gaurko manifestazioan. (Alberto PRADILLA)

Mobilizazio sinbolikoa egin dute gaur Lisboan, Largo do Carmon, gaur 40 urte diktaduraren aurka altxa ziren kuartelaren aurrean. Bertan izan da Apirilak 25 Elkarteko presidente Vasco Lourenço, garaiko Indar Armatuen Mugimenduko sustatzailea.

«Politikak berehala aldatu behar du eta mendetasunaren, hersturaren eta pobreziaren egoera irauli, bestela Gobernu honek boteretik at behar du zalantzarik gabe», esan du bere hitzartzean egungo Exekutibo kontserbadorearen aurkako adierazpenekin.

Kalean ez ezik, Parlamentuan ere gogora ekarri dute ‘Revoluçao dos Cravos’ edo Krabelinen Iraultza bezala ezagutzen dena.

Lourenço eta bere elkartea Parlamentuko omenaldira gonbidatuak izan ziren, baina bertako presidente Assunçao Estevesek ukatu egin zion Lourençori hitz hartzeko aukera. Hortaz, gonbidapena baztertu egin du elkarteak, baita Mário Soares lehen ministro ohiak ere. Kalean izan da bera, gainontzeko herritarrekin, Largo do Carmoko ekitaldian.

Bertan Fernando Salgueiro Maia Armadako kapitainari omenaldi berezia eskaini diote, berak gidatu baitzuen Marcelo Caetano babesten zuen kuarteleko altxamendua.