NAIZ.INFO
BILBO

Tortura salaketa bat Estrasburgora eraman dute TATek eta Behatokiak

Behatokiak eta Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman dute Xabier Beortegi iruindarraren tortura salaketa, Estatu espainoleko epaitegiek auzia artxibatu egin baitzuten, inkomunikazio aldian zer gertatu zen ikertu ere egin gabe.

Estrasburgora eraman duten salaketan, Xabier Beortegiren kasuan Giza Eskubideen Europako Konbentzioko 3. artikulua urratu zela argudiatu dute Behatokiak eta TATek.

Beortegi 2011ko urtarrilean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Iruñean, Ekineko kide izatea egotzita. Sei lagun atzeman zituzten Nafarroan operazio hartan eta guztiek inkomunikazio aldian torturak jaso izana salatu zuten –tartean Jon Patxi Arratibel, deklarazioa «Aztnugal» hitzarekin sinatu zuena, eta zeinaren kasua ere Estrasburgora bidali duten–.

Iruindarrak salatu zuenez, torturak Madrilerako bidean eta Guardia Zibilaren esku egon zen bitartean ere eman ziren. Irainak, kolpeak (buruan, barrabiletan...) eta mehatxuak (pistola bat eskuan jarri zioten, bere hatz-markak bertan geldituko zirela ohartaraziz) jaso zituela adierazi zuen. Buruz deklarazio bat ikasi eta sinatuarazi zioten.

Inkomunikazio aldian bizi izandakoa agerraldi publiko batean azaldu zuen, urtarrilaren 25ean.

Jasotako tratu horren berri Auzitegi Nazional espainoleko forentseari eman zion eta baita Fernando Grande-Marlaska epaileari ere, eta batek ere ez zuen inolako neurririk hartu.

Hori dela-eta, 2011. urtean salaketa aurkeztu zuen Beortegik, 2012ko martxoan artxibatu zutena, «inolako ikerketa eraginkorrik burutu gabe, nazioarteko erregelek agindu bezala».

Egun aske dago Beortegi, bere aurkako auzia artxibatua izan ondoren.