Oihana Llorente | @Gaur_8

Norma Maffare: «Gutuna berea dena aldarrikatu eta nahikoa dela dioen herri baten oihartzuna da»

Norma Maffare.
Norma Maffare.

Hegazkin batean sartu eta Ekuador jaioterria atzean utzi zuen 2002an Norma Maffarek. Etorkin gehienen antzera, aurrera eta atzera ibili beharrean izan da urte hauetan guztietan. Ozeanoa zeharkatu eta berehala ezagutu zuen Euskal Herria. 11 urte daramatza jada gurean, gehienak Bilbo inguruan; izan ere, Bilbo zainetan daramala dio.

Gutuna idaztea «txalogarria» dela irizten dio Maffarek, eta gainontzeko herrialdeek ere prozesu hau eredu gisa hartu beharko luketela uste du. «Hala egin beharko lukete, bai behintzat gizon eta emakumeak berdintasunean bizitzeko aukera galtzen ari diren herrialde horietan guztietan», gehitu du.

Etorkin den heinean, gutuna etorkin ororentzat garrantzitsua dela uste du. «Hemen gaude, hemen bizi gara eta jendarte honen parte gara», dio irmo. Gainerako herritarren antzera euren eskubideak ere maila ezberdinetan urratuak izaten ari direla sentitzen dute etorkinek, eta, Normaren arabera, etorkinek eta etorkin ez direnek, herritar guztiek dute bizitza duin bat izateko eskubidea eta betebeharra.

Gutuna erdituko duen prozesuak «oniritzia eta aitortza» behar lukeela uste du Normak. Haren oinarrian, gainera, azken urteetan jendartean gertatzen ari denaren gaineko «ikerketa eta hausnarketa prozesu luze eta sakona» egon dela sinetsita dago. «Herritarren mesfidantza, ikara, itoaldia, etsipena eta amorrua egunetik egunera handiagoak dira, bai eta ezezagutzari diogun beldurra ere». Hala deritzo Normak, eta sentimendu horiek guztiak izan dira, bere aburuz, gutunaren motorra.

Haren ustez eredugarria izan da prozesuaren aniztasuna eta ziur da nahi izan duen herritar eta eragile orok parte hartzeko aukera izan duela. Bilera, tailer zein ekarpen bidez jasotako iritziak, herri baten desadostasunaren ispilu direla uste du. «Nekatua dagoen eta nahikoa dela dioen herri batek hitz egin du –dio Normak–. Bestelako jendarte eta estatu bat nahi dituen herria». Haren ustez, gutuna berea dena aldarrikatzen duen herri baten oihartzuna da.

Munduko emakumeak biltzen dituen Babel elkarteko kidea da Norma. Astelehenero 20 eta 30 emakume artean elkartzen dira Bilbon duten egoitzan. Babel barruan Brujas y Diversas izena duen taldea dago, eta hark hartu du emakume etorkinen nahiak eta beharrak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren talde sustatzailera eramateko ardura.