@aimar_etxeberria
Donostia

Ekainaren 15ean aurkeztuko dute preso eta iheslarien eskubideen alde egingo duen herritar sarea

Ekainaren 15ean aurkeztuko dute Donostian azken hiru hilabetetan ehuntzen ibili diren euskal preso eta iheslarien eskubideen alde lan egingo duen herritarren sarea. Ekimenaren abiapuntu izan zen gune berean aurkeztuko dute tresna berria, San Telmo museoaren pareko Zuloaga plazan.

Teresa Todak eta Joseba Azkarragak egin dituzte aurkezpen lanak. (KONPONBIDEA)
Teresa Todak eta Joseba Azkarragak egin dituzte aurkezpen lanak. (KONPONBIDEA)

San Telmoko adierazpena oinarri hartuta, eta hura plazaratu zutenetik hiru hilabetera, ekainaren 15ean, aurrerantzean euskal preso eta iheslarien eskubideen alde lan egingo duen sare herritar berria aurkeztuko dute gaurko agerraldia egin duten gune berean, San Telmo museoaren pareko Zuloaga plazan.

Hala eman dute aditzera Teresa Toda eta Joseba Azkarragak. Azaldu duetenez, 2.800 lagunek hartu dute parte hiru hilabete hauetan zehar garatu dituzten jardunaldietan. Hala, lau ondorio nagusi atera dituztela adierazi dute.

Alde batetik, euskal herritarren gehiengo batek bake eszenatoki bat desio duela azpimarratu dute eta, eszenatoki horren baitan, preso eta iheslarien aferari konponbidea ematea beharrezkoa dela aldarrikatu dute. Bestalde, hauen giza eskubideak urratuak diren honetan, errespetatuak izan daitezen lan egingo dutela esan dute.

Sakabanaketaren amaiera, bizi osorako kartzela zigorrarekin amaitzea, larriki gaixorik dauden presoen kaleratzea eta iheslari guztien euskal herriratzea gisako lanketak egitea beharrezkotzat jo dute eta, zentzu horretan, herritarren protagonismoa aldarrikatu dute.

Ondorio hauei erantzun asmoz, tresna baten beharra ikusi dute. Eta tresna hori izango da ekainaren 15ean, 12.00etan, aurkeztuko dutena.