NAIZ.INFO
BILBO

Eskola publikoaren jaia ospatuko dute igandean, Balmasedan

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (Ehige) dei egin du igandean Balmasedara joateko, euskal eskola publikoari babesa adierazteko. Egitarau oparoa prestatu dute.

Balmasedako ikasleek agerraldia egin dute gaur Bilboko Unamuno institutuan, igandean ospatuko duten eskola publikoaren jaiaren inguruko xehetasunak eman eta parte hartzeko deia egiteko.

Goizeko 11etan egingo dute ekitaldia eta, ondotik, egun guztian zehar askotariko ekimenak izango dira lau gunetan zehar.

Besteak beste, tailerrak, kale animazioa edota kirol desberdinak probatzeko aukera izango da. Horrez gain, Pirritx eta Porrotx pailazoek eta Siroka eta Vendetta taldeek eskainiko dute kontzertua.

Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute.

Ehigeko Lurdes Imazek gaurko agerraldian azpimarratu duenez, eskola publikoaren aldeko jaia arrakastatsua izan da beti eta, aurtengo edizioari begira ere –nahiz eta Gernikan Ibilaldia ospatuko den–, gauza bera espero du, Balmasedako ikasleek eta haien gurasoek lan asko egin dutelako.