Naiz.info
Donostia

Euskal Herri osorako garraio txartel bakarra lortzeko proposamena egin du Gipuzkoak

Gipuzkoako Aldundiak protokolo proposamen bat egin du Euskal Herri osorako garraio txartel bakarra lortzeko helburuarekin. Foru erakundearentzat, txartel bakarrak «onura nabarmenak» izango lituzke ditu, besteak beste, bidaia guztiak kontagailu berean sartzea eta garraio aldaketak merkeagoak izatea.

Gipuzkoan erabiltzen den Mugi sistemaren eredua txertatu nahi du Aldundiak beste lurraldeetan ere. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Gipuzkoan erabiltzen den Mugi sistemaren eredua txertatu nahi du Aldundiak beste lurraldeetan ere. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Aldundiak joan den martxoaren 20an Garraio Agintaritzako bileran azaldu zuen «ezinbestekoa» dela txartel bakarraren inguruan protokolo bat ezartzea, txartel bakarra lortzeko bide orria zehazteko, eta epe motzean protokolo proposamena aurkezteko konpromisoa hartu zuen. Bada Aldundiak jada prest du proposamena eta Garraio Agintaritzari igorri dio.

Foru erakundeak «oso argi» du benetako txartel bakarra errealitate bihurtzeko bidea Mugi sistemarekin lortutakoa zabaltzea dela, hau da, gainerako herrialdeekin ere Mugi moduko sistema bat lortu behar dela.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko instituzioek eta garraio operadoreek EAE mailako tarifa integrazio batera iristeko borondatea eta pausoak zehaztea da protokoloaren helburua, txartel bakarra euskal herritarrentzat errealitate bat izan dadin. Bakoitzaren erritmoak errespetatuz egin beharko da integrazio hau, eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaira ez ezik, Nafarroara eta Ipar Euskal Herriko lurraldeetara hedatzea ere aurreikusi du Gipuzkoako Aldundiak, betiere, lekuan lekuko erakunde eta operadoreekin elkarlanean.

Abantaila nagusiak

Protokoloak proposatutako sistemaren abantaila nagusi batzuk izango lituzke Aldundiaren aburuz. Horrela, sisteman integratzen diren garraio modu guztientzat «ordainbide bateratua» jarriko litzateke, eta gainera, ezinbestekoa izango litzateke tarifak bateratzea eta tarifa sistema hori mailakatua izatea.

Zonak edo eremuak ezarriko lirateke eta erabiltzaileak egiten dituen zona edo jauzi kopuruaren arabera finkatuko lirateke tarifak.

Erabiltzaileek deskontuak lortu ahal izango lituzkete hilabete naturalean egindako bidaia kopuruaren arabera, eta hala, garraio publikoa gehien erabiltzen dutenek deskontu handiagoak izango lituzkete.