NAIZ
MOSKU

Kubari zorraren %90 barkatzeko legea promulgatu du Putinek

Kubak Sobietar Batasunaren garaian hartutako zorraren %90 barkatzeko legea aldarrikatu du Errusiako presidente Vladimir Putinek. 25.800 milioi euro baino gehiagokoa zen zorra.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea. (Alexei NIKOLSKY/AFP PHOTO)
Vladimir Putin, Errusiako presidentea. (Alexei NIKOLSKY/AFP PHOTO)

Egun Kubak 35.000 milioi dolar baino gehiagoko zorra du –25.895 milioi euro inguru– Errusiarekin eta haren %10 baino ez dio itzuli beharko. Horretarako, 10 urteko epea izango du, sei hilean behin ordainketa bat egida.

Gaur Kubara hasiko duen bisitaren bezperatan, Vladimir Putinek adierazi zuen %10 hori bi herrialdeek komunean dituzten proiektuetan inbertitzeko asmoa zuela.

Zorra barkatzeko lege proiektua Errusiako diputatuen ganbarak onartu zuen, hilaren 4an, eta asteazkenean Federazioaren Kontseiluak eman zion oniritzia. Hala, gaur Putinek promulgatuta sartu da indarrean.

Kubara egingo duen bisitan, Raul Castro presidentearekin bilera egingo du Putinek eta bi herrialdeen arteko kooperazioa izango dute hizpide. Inbertsioez, garraioaz, energiaz eta abarrez arituko dira.

Gainera, Kremlineko prentsa zerbitzuaren arabera, Fidel Castrorekin ere bilera egingo du Errusiako presidenteak.