NAIZ
DONOSTIA

295 plaza eta kaleri euskarazko izen ofiziala jartzea onartu du Donostiako Udal Gobernuak

Orain arte halakorik ez zuten kale eta plazei –guztira 295– euskarazko izen ofiziala jartzea erabaki du Donostiako Udal Gobernuak. Udalbatzak berretsi beharko du ebazpena.

Juan Karlos Izagirre alkatea eta Nerea Txapartegi euskara zinegotzia. (NAIZ)
Juan Karlos Izagirre alkatea eta Nerea Txapartegi euskara zinegotzia. (NAIZ)

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, 295 plaza eta kaleri euskarazko izen ofiziala jartzea erabaki du Udal Gobernuak.

Udalbatzak berretsi beharko dituen izen horiek proposatzeko, Euskaltzaindiak Donostiako kale izenei buruz emandako gomendio eta arauetan oinarritu da Udala, baita euskararen erabilera normalizatzeko onartu dituzten arau eta irizpideetan.

Hiru multzotan sailkatu dituzte euskarazko izen ofiziala hartuko duten kale eta plazak. Lehen multzoan, izendapenaren muina euskaraz eta gaztelaniaz berdina dutenak (Easo plaza eta Hernani kalea), esaterako. Multzo honetako izenetan, gaztelaniazkoaren izena ez litzateke aldatuko.

Bigarren multzoan leudeke euskaraz eta gaztelaniaz izen desberdinak dituztenak (adibidez, Artzain Onaren plaza eta Trinitate plaza). Kasu honetan ere, gaztelaniazkoa bere horretan geratuko litzateke.

Hirugarren multzoan, aldiz, izena normalizatzearekin batera, gaztelaniazko izena ere egokituko luketenak daude. Honela, Aiete pasealekua euskaraz eta gaztelaniazkoa Paseo de Aiete izatera pasatuko da; Gipuzkoa plaza euskaraz eta gaztelaniaz Plaza de Gipuzkoa.

«Aurrerapauso nabarmena»

«Erabaki honekin, aurrerapauso nabarmena egingo dugu euskararen normalizazioan», adierazi du Juan Karlos Izagirrre alkateak.

Nabarmendu duenez, «egunetik egunera, donostiarrak euskara normalizatzeko lanean ari gara: euskaraz ez dakitenek euskara ikasiz; dakitenek euskaraz eginez; elkarte eta taldeak auzoetan eta kaleetan normalizazioa bultzatuz. Gure aldetik ere, udaletik eta administraziotik, obligazioa daukagu euskararen hiria eraikitzeko aurrera egiteko».

Euskara hizkuntza ofiziala bada ere, Izagirrek «harrigarri» ikusi du «orain arte Donostian hainbeste kale eta plaza euskaraz ofizialak ez izatea». Horregatik «behar-beharrezkotzat» jo du Udal Gobernuak emandako urratsa.

Erabaki hori ostiral honetan Tokiko Gobernu Batzordean onartuko du Udal Gobernuak eta hil honetako Udalbatzarrean berretsi beharko da. «Euskararen normalizazioan hain garrantzitsua den pauso hori adostasunez» ematea espero du Udalak.