Naiz
Donostia

Arzak eta Keler, bi bizitza paralelo

Zer dute komunean Juan Mari Arzak sukaldariak eta Keler garagardoak? Horixe da duela zortzi egun estreinatu zuten eta honezkero ikusia izango duzun iragarkian nabarmendu nahi izan dutena: biak ala biak «Donostiako zapore eta intentsitatearen erreferente» direla.

Minutu eta 20 segundoan, sukaldari sonatuaren ahotsak Gipuzkoako hiriburuko hainbat txokora eramaten gaitu –bere jatetxeko sukaldera, zenbait tabernatara, kaira, merkatura, eta abarrera–, eta bere –eta iragarkiko beste protagonista paraleloaren– izaeraren gaineko zenbait iradokizun egiten dizkigu.

«Arzaken bizitza kontatzen du, bere jaiotza, bere jaiotze-hiria, bere jatorriarekiko harrotasuna. Bere bizitza intentsoa. Jendearekin tratatzeko duen xarma eta erraztasuna: batzuk dotoreak, besteak izarrak, alprojak, lagunak, ezezagunak... Une ahantzezinak gogora ekartzen ditu, baita pertsona asko ere. Eta istorio hau berdin konta zezakeen Kelerrek. Hori da kontakizunaren jokoa», zehaztu dute spotaren aurkezpen oharrean.

Azken batean, Arzak eta Keler beren jatorri, sustrai eta buruarekiko beti «fidel» izan direla adierazten du iragarkiak. «Kointzidentzia hauetatik sortu ziren Arzak eta Kelerren bizitzen narrazio paraleloak. Euskaldunen bizitzan zaporearen garrantzia, mahaia munduaren ardatz bezala, herri baten ohitura eta errituak, jan bezala bizi eta arnasten duena».

Bost eguneko filmazioa eskatu zuen lan horrek, batik bat, sukaldari donostiarrari zuzendutako omenaldia izan nahi du. «Eta, bide batez, gaur egun euskal sukaldaritza dagoen lekura eraman duten protagonista guztiei egindako omenaldia. Gastronomia gure kultur nortasunaren isla da, izateko eta bizitzeko modu bat, eta gure garagardoa, Keler, beti horri lotuta egon da», gaineratu du prentsa adierazpenak.