I.B.

UPN-k eta PP-k gazte independentistak adina maite dituzte lore koloretsuak

Iruñeko EH Bilduko zinegotziek 28 arrosa laranja banatu nahi izan zizkieten atzo gainerako taldeetako ordezkariei eta alkateari, epaitzen ari diren gazteekiko elkartasun ekimen gisa. UPNk eta PPk, ordea, argi utzi zuten ez dituztela ez gazte abertzaleak ez loreak maite.

Laranja koloreko arrosak; zinegotzientzako bana eta Enrique Maya alkatearentzat sorta bat. 28 lore orotara, beren militantzia politikoagatik Madrilen epaitzen ari diren gazteen kopuru bera. Horixe zen EH Bilduko Iruñeko zinegotziek atzo arratsaldean, Udaleko Osoko Bilkura hastean, burutu nahi zuten ekimena: gainerako taldeetako ordezkarien lekuetan arrosak jartzea eta loreekin batera gazteen egoera azaltzen zuen ohar labur bat eskaintzea.

UPNko kideek, ostera, ez zuten oso begi onez hartu zinegotzi abertzaleen elkartasun ekimen koloretsua, eta hori zapuzten saiatu ziren nahiko modu txarrean. Izan ere, udaleko langileren batek abisatuta Osoko Bilkura hasi aurretik UPNko zinegotzi Maria Caballero eta Ana Elizalde agertu eta arrosak mahaietatik kendu zituzten, halakorik ezin dela egin, Osoko Bilkuran horrelako ekimenetarako tokirik ez dagoela eta antzeko argudioak erabiliz. Nahiko haserre aritu ziren Caballero eta Elizalde.

Ekintza bertan behera utzi beharrean EH Bilduko ordezkariek Osoko Bilkura egiten den gelako sarreran jarri eta zinegotziei barrura sartzean arrosa eskura ematea erabaki zuten. Halaxe egin zuten eta oposizioko kide gehienek -ez guztiek- hartu zuten lorea; ez, ordea, UPNko eta PPko zinegotziek.

Beranduxeago, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, koalizioko eledunek salatu zuten epaiketa politikoak «injustuak» direla eta ez dutela tokirik, «are gutxiago» herri honek bizi duen une honetan. «Gatazka politikoak konponbide demokratikoa» behar du, EH Bilduren esanetan, eta, ildo honetan, elkartasuna adierazi die epaitzen ari diren 28 gazteei.

Elkartasunetik konpromisora

Atzoko ekimenari dagokionez, «elkartasunetik konpromisora urratsa egiteko ordua» dela iritzita, Iruñeko beste zinegotziei 28 gazteen egoera azaltzeko konpromisoa hartu zutela azaldu zuten EH Bilduko kideek, eta jazotakoa ikusita, UPNk «beste behin ere bere izaera antidemokratikoa eta ahulezia» agerian utzi zituela nabarmendu zuten.