NAIZ
ERROMA

Brindisiko portura atoian eraman dute ‘Norman Atlantic’ itsasontzia

Grezia eta Italia artean su hartu zuen ‘Norman Atlantic’ ferrya Brindisiko portura eraman dute atoian. Hamaika lagun zendu ziren sutean.

‘Norman Atlantic’ ferrya, Brindisiko portuaren inguruan. (Filippo MONTEFORTE/ARGAZKI PRESS)
‘Norman Atlantic’ ferrya, Brindisiko portuaren inguruan. (Filippo MONTEFORTE/ARGAZKI PRESS)

Eguerdia baino lehenxeago iritsi da ‘Norman Atlantic’ itsasontzia Italia hegoaldean dagoen Brindisiko portura.

Istripua jazo zenetik Vloreko badian (Albania) egon da ferrya, itsasoaren egoerak hobera duen arte. Hogei orduz eraman dute atoian Brindisira iritsi arte.

Portura sartu aurretik hainbat orduz egon da geldirik, maniobra hori egitea segurua zela baieztatu behar izan baitu agintaritzak.

Atrakatu ondoren, agintari judizialek lanari ekingo diote. Alde batetik, ezbeharraren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatuko dute eta, bestetik, ferry barruan hildako gehiago ez dagoela baieztatu beharko dute.

Igandean piztu zen sutean hamaika lagun zendu ziren eta ferrya oso kaltetuta gelditu zen.