Edorta JIMENEZ

Blokeoari azken agurra emateko itxaropena, Habanako urte berrian

Urtezaharra. Habana Zaharra goiz itzartu da. Musikaz eta kaleko hotsaz. Ez nabarmenak. Ohikoak. Ezerk ez du iragartzen gaurko gaua historikoa izatera deitua dela. 2014ko azkena. Blokearenak egin duela iragarri duten 2014 honetako azkena. Iragarpena beranduegi ez ote datorren nago.

Nire lehen gaua izan da hemen. Lo egin dudan gela mirari hutsa da. Sabaia goi-goia, leihoak ere tamainakoak, gailurik, ez berotarako ez hotzerako, ez zen garaietakoa da etxea. «XX. mendeko hastapenetakoa; Habanako historialariaren bulegora joan behar dut, galdetzera». Etxeko ugazabandreak atsegintasunez esan dit. Ezkaratzean garela. Berandutze kontu horretaz hizketan, hain zuzen.

Honek bai, Gabon zaharrari garrantzia eman nahi dio. Arraina prestatzen ari da. Gauerako. Ni nire ordenagailuarekin ezinean nabilen artean. Indabatxoak -frijoles- prestatzen dihardu. «Arroz congrí egiteko». Nire gailuarekin ezin dudala ikusirik, berea eskaini dit. Idazten hasita nagoela, gelara sartu da. Afaritarako duen arrainaren izena galdetu diot. «Escaleres, goldfish, tetras, denetarik», esan dit. Bulego eta egongela duen honetako zokondoan, arrainontzia du. Barre egin dugu. «Horiek ez, besteak». Kostata etorri zaio arrainaren izena Margoti. «Cherna, horra!».

Balkoiko atea zabalik da. Hezetasun halako kolpea, bat eta bat-batean bulegora Karibea sartu da. Kalea biziagotu egin da. Margotek rona ekarri dit. Goizeko hamaiketan. Ez zait komeni, ez. Eskerrik asko.

Ezkaratzean ez du atsedenaldirik egiten. Tartetxo batez baino ez da gelditu. Loreak ekarri dizkio gizonezko batek. Gladioloak eta nardoak. Karibea, izateko modu bat.

Beranduegi ote datorren, bada, blokearen amaieraren iragarpena berez ez, amaiera bera baino. Etxe barrura begira, ez, beharbada. Logelako sabaian ArtDecó estiloko lanpara bakarra, gau-mahaietan beste bi, altzari zurezkoak, ezkaratzean zeramika eder landuriko ontziak, Margotek hau guzti hau nondik nora berreskuratu ote duen. Balkoira irtenda kalera begiratuz gero, ostera, bai. Beharbada, bada, beranduegi dator aldarrikapena. Nork konponduko du hau guzti hau? Noiz hasita? Zelan? Ze, zer da hemen dagoena?

Bonba isila

Habana Zaharra eta inguruak, terraza goi, oso goi duen Sevilla Hoteletik behatzeko aukera izan nuen. «Bonba isila» hitz parea etorri zitzaidan ikusten nuena definitu guran nenbilela. Bonba. Isila. Eta astiro diharduena. Etengabean baina. 2006an izan zen terrazara igo nintzenekoa. Ordutik hona bonba isila ez da gelditu. Ezkaratzeko leihotik ikusten dena gerra-bonbardaketaren baten ondorio dela esan eta, nork ez luke sinistuko? Harrezkero mailu bilakatu zait hitz pare hori. Eta hona natorren guztietan jotzen nau. Gupidarik gabe. Mailu hitz pareak. Bonba isila.

Bonba geldiarazi eta berreraikitze lanetan sartu beharra dago. Hainbat bizkorren. Ostantzean zer berreraiki ez da geldituko. Hemen behintzat. Habanako katedralaren inguru honetan, diot. Ez eta harago ere.

Bart, etorri berritan, Habana Zaharreko itsasertzera joan ginen. Bila etorri zitzaidana eta biok. Bidean dena zen zuloa eta zuloa. Ohikoa. Blokeoaren zera zelan ikusten duen, nik. Lagunaren iritziz, blokeoaren amaieraren iragarpena gerra-asmoen aldarrikapentzat jo behar da. AEBen aldetik. «Gogoan izan AEBek Errusiari eta Venezuelari gerra aldarrikatu zieten aldi berean etorri zela». Lagunaren ustez, orain arteko bidetik AEBek ez daukate ezer egiterik. Horretxegatik aldaketa. Hona sartu ahal izateko. Eurak, Miamira joandakoak eta dirua. «Eta urteotan hor egon direnek zerbait utzi behar dutelako, bizitzeko hiru urte edo geratzen zaie eta, zer utziko dute, zelan pasatuko dira Historiara?»

Aireportutik Habana Zaharrera bidean ageri zaigun beste Habana luze hau jendez ia hutsik dago ordu honetan. Bederatziak. Gure autoaren aurrean horra gaztetxoak, neska eta mutil, bizikletaz. Binaka. Ezker-eskuin. Gauaren beldurrik barik. Horiek bai askatasuna. «Diskotekara doaz», diost. Itsasertzean berriz, zer gertatu da? Ez da lehen izaten zen giroa. Goizean Margotek argitu dit. Fidel gaixotu zenean Malekoian jendetzarik ez biltzeko agindua eman omen zen. Omen hori neuk ezarria da, ez baita erraz sinestekoa. Malekoiko giroa eta auzokide erraldoiaren mehatxua, uztarturik. Elkarri begiratu diogu. Auzokideek zer ez dioten egin gero! Margotek erasoaldien zerrenda errepasatu dit. «Hori bai, ez dago lehen izaten zen bozkarioa».

Poz galdua

Ez dago lehen izaten zen bozkarioa. Margotek diost, eta omen barik idatzi dut, Karibea balkoitik sartu zaigun goiz honetan. Ulertu dut. Fidelen gaixotasunaren ondorioz, musikarik ez hemen. Edo gauerdiraino baino ez. Amaitu da gaupasen garaia. «Empatar un día con el siguiente», diost. Margoten ustez, amaieraren iragarpena berandu dator. Gazteek ez omen dute kemenik. «Dena eginda eman zaie eta!» Zer egin, bada?»

Edozein bonbak izan litzake bere albo-kalteak. Berrogeita hamar urtetik gora isilean diharduen horrenak. Bonbarekin ohitua izatea ote da kalteotako lehena. Hainbeste urte dira ze, pentsa! Abiatu zenean ez zen orain barra-barra erabiltzen den albo-kalteak kontzeptua bera. Eta gainera, denbora gelditu egin zen. Margoten leloa. «Komandantea etorri zen, eta `geldi!' agindu», behin eta berriro dio. «Geldi dena», ironiaz, «Iraultzaren alde nago», erantsiz. Beraz, bonba isila 50 urtez lanean, non-eta denbora gelditu egin den leku honetan. Paradoxa.

Bazkaritarako arroza indabatxoekin eta boniatoa. Dena gozo, boniatoa bereziki gozo. Emakumeak etorkizunaz arduratua dirudi. Sanferminetan egona da. Jaiaren aurreirudiarekin joan eta, ostikoa galanta hartu omen zuen. Kuban, ez ote den berdin gertatuko. Giriak direla eta, dio. Alabak medikuntza ikasten duela eta, horra ohiko gaia hemen. Medikuek irabazten dutena vs turismoa. Esaterako. «Otro error», Margotek bertoko alderdi bakarrekoa balitz legez hitz egiten duela ematen dit. Ala giroaren eragina ote? Gero jakin dut erantzun zuzena lehenengoa dena. Nekazariekin egin ziren errakuntzei ere errepaso galanta egin dio. Badago astia.

Bitartean, etxeko alabarekin ikasten diharduen beste emakume gazte bat etorri da. Quebecera mediku joateko paperak egiten dabil. Probatxoa egin diogu. Frantsesik ez daki ia tutik ere. Errukiorrak izatearren ia hori. Etxekoek ondo deritzoten bestea lan bila hara joateari. Hona etorri naizen guztietan harritu nau zein ondo hartzen duten kanpora joatearena. Guztiek nahi dute kanpoan zertan diren ezagutu. Eta non, nork ez du mundua ikusi nahi.

Bazkaltzen ari garela Kuba bizikletaz egiten dabilen ezezaguna etorri zaigu. Mutil gazte euskalduna. Sasoiko dagoena. Haatik, guaguaz egin du goizeko etapa. Santa Clara-Habana. Che Guevarak bezalaxe. Hari luzeago jo zion. Iritsi, Gabon zaharrean edo iritsi zen. Iraultzaren kronologia berrikusi behar dut. Hori bai, hemen urtarrileko lehen eguna jaia bada, bizardunak Habanan oinez garaile paseatu zirenekoa Urteberri eguna izan zelako da. Ordu biak. Kalean musika topera ipini dute. Musika aparailua kalean bertan jarrita CD pirateatuak entzungai. Baita gorrentzat eurentzat ere.

Etxean bazkaldu dugu. Congrí hori, ohi bezala. Horren ostean, Habana Zaharreko zokoak bisitatu ditugu. Ezer berezirik ez, ez bada gauerako prestatzen ari diren kantu-afaria. Katedraleko Plazan. Kubatarrentzat debekuak diren prezioetan. Esango nuke gero eman didaten afaria ez dela hori baino gutxiago izan.

Itxaropena berreskuratu

Mahaiaren inguruan eseri garenon artean blokeoaren gaiak ez du berez lekurik. Neuk galde eginda izan dugu mintzagai. Tarte labur batez. «Pozik nago -esan du Matxitxa mutrikuarrak-, hauek ez dutelako aitzakia hori izango». Bere semea eta bere alboan denaren semea seinalatuz. Mutiko biek ez dute euren burua aipatutzat jo. Pozik dira euren arteko jolasetan. «Ea zer egiteko gai garen», erantsi du. «Garen» horretan Kubako noraino sentitzen den erakutsi du.

«Itxaropena» aipatu du Txema Auzmendik. Inguruan horretxen falta sumatu izan duela hemen denez geroztik. Hots, azken lau urteotan. Eta blokeoa kentzeak horixe ekarri duelakoan dagoela dio. Itxaropena. Bardako lagunak bart eman zidan iritzia. Blokeoa, 2014ko Gabon zahar honetan? Hobe Felixek prestatu digunari kasu egin. Bakailaoa Bizkaiko erara, zoragarri, nahi duenak arrozaz lagundurik. Hori hemen ezin falta eta, horra berrikuntza. Bakailaoa Euskal Herritik eta piper gorriak Perutik, bertokoa Matxitxak ipini digun musika da. Horren harira luzatu gara, harik eta nork bere habiara egiteko orduari iritsia iritzi diogun arte.

Habana Zaharreko musikek ez didate behingoan lo geratzea eragotzi. Aitzitik, musikok denak batera eten direlarik itzartu egin naiz. Zer da hau? Lege berriak. Ez dago gau osoan musika jarrita egoterik. Oi, denbora berriok! Non da Kubaren nortasun ezaugarri zen poza? Bada, Urteberri egunean horixe erantzun didate, aldez eta moldez, blokeoaren ostekoaz galdetu diedan guztiek. Zerbait galdu da Habanako bizimoduan. Munduan bizi den ekonomia krisiaz, hitz-erdirik ere ez. Eta aldez edo moldez beti ageri den «lehenengo bozkarioa galdu izana» delako horren ostean ez dator ezein gogoetarik. Ez bada ohiko «gazteek guk bizi izan genuen iraultza-poza zer den ez dakite». Adibidez, Malekoian urteetan ezagutu izan den giroa ez dela berez joan, desagerrarazi egin dutela. Eta horren zergatia hortxe dagoela, lehen kaleko edanleku eta limurtzeko toki izaten ziren horietan sortu dituzten jatetxe eta terrazetan. Horietan itsasora begira jesarri behar direnei ez ote dien begietan minik emango Malekoiko giroak, akabatu egin dute horko bizitza.

Turismoaren logikak beste urrats bat egin du Habana Zaharrean eta Malekoian. Munduan beste leku askotan legez Kubako hiriburuko alde zaharra turismo-leku eta aberatsen egoitza, erdi eta erdi, bihurtzeko asmoa ote duten nago. Nork inbertituta, ostera? Bonba isilarena idatzi ostean kontatu didatena datorkit.

Estatubatuarrek, Kuba mendean hartu nahi eta ezin, hau egin, bestea egin eta ezin, azkenean Habana bonbardatzea erabaki dute. Prestatu dute hegazkin eskuadroia, aireratu dira aparailuak, itxaron dute horien itzulera tartetxo batez eta, hara, hortxe datoz atzera etxera. «Nola joan da?» «Nola joan den? Errakuntzaren bat izan da goi-agintarien aldetik. Badirudi gu baino lehen beste eskuadroi bat bidali duzuela. Dena honezkero bonbardatua topatu dugu eta, bonba alerik jaurti barik itzuli gara».

Urte berriko bigarren goiza. Margotek marmitatxoa eta edariak zorrotxo batean sartu ditu. Gero zorroa otzaratxoan. Otzaratxoari soka lotu dio. Balkoira doa. Zertara. «Egunero ematen diot zerbait emakume horri; laurogei urte ditu». Behean hortxe dago emakumea, espaloirik espaloi egin ezinean. Neu joango naizela esan diot. Halaxe egin dut. «Italiano?», emakumeak. «Basko», nik. Ez du ohikoa den moduan «espainol» esan. Ordenagailura itzuli naiz. Konexio bila. Ez dago erraz hemen. Ez, ezer ez da inoiz erraz egon. Ea bihar ere emakumeari marmita eta freskagarriak jaisten dizkiodan.