NAIZ
BILBO

Lokarrik Euskal Herriko bake prozesuak duen nazioarteko babesa goraipatu du

Mexiko, Uruguai, Argentina eta Ekuadorren burututako ekimenen ostean, Lokarrik goraipatu du 400 izen entzutetsu latinoamerikar baino gehiagok babesa eman diotela EH-ko bake prozesuari. «Euskal jendarteak jakin behar du bake bidean ez dagoela bakarrik», sinatu dute.

Paul Rios, Bilbon egindako agerraldian. (ARGAZKI PRESS)
Paul Rios, Bilbon egindako agerraldian. (ARGAZKI PRESS)

Lokarrik Euskal Herria bake prozesuan «bakarrik ez dagoela» gogora ekarri nahi izan du, Latinoamerikako 400 izen entzutetsuk babesa eman diotela gogoratuz. Lehenbizi Mexiko izan zen, ondoren Uruguai, honen ostean Argentina iritsi zen, eta azkenik Ekuador.

Guzti horien artean, «izen entzutetsu, agintari ohi, ordezkari politiko eta gizarte zibileko pertsona esanguratsuak» daudela nabarmendu du Lokarrik, Bilboko egoitzan emandako prentsaurrekoan. Era berean, eskerrak eman nahi izan dituzte «bakea eta bizikidetzaren aldeko lanari babesa» eman izanagatik.

Era berean, «joera politiko desberdinetako pertsonak» daudela azpimarratu dute, hauetako askok euren herrietan bake prozesuak «kudeatu» behar izan dituztela gaineratuz.

Honen bitartez, «inplikatu guztiei elkarrizketarako deia» egin nahi izan diete, «berradiskidetze bat susta dezaten, bizikidetzarako oinarri sendoak ezarriko dituenak». Hala ere, zentzu honetan, espainiar Gobernuaren inmobilismoa eta ETA-rekin harremanetan jartzeko etengabeko ukoak ez duela batere laguntzen adierazi dute.

Hala ere, euskal jendarteak babes hau sentitzea garrantzitsua dela defendatu dute: «Jakin behar dute bake bidean ez daudela bakarrik». Dena den, euskaldunen esku utzi dute erantzunkizuna. «Euskaldunoi dagokigu hitz egitea, elkar ulertzea eta zauriak sendatzea», amaitu dute.