NAIZ
TOLOSA

Ostegun Gizenarekin lehertu da festa Tolosan

Ostegun Gizeneko txupinazoarekin batera hasi dira inauteriak Tolosan. Datorren asteartera arte, kolore eta mozorro festak hartuko du herria.

Plaza Zaharra jendez lepo. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Plaza Zaharra jendez lepo. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Ostegun Gizenarekin lehertu da festa Tolosan. Eguerdian jaurti dute txupinazoa Udaletxeko balkoitik eta Plaza Zaharra betetzen zuten gazte eta ez hain gazte guztiak jaian murgildu dira.

Ohitura denez, udal korporazioak bere zereginak alde batera utzi ditu eta lekukoa Kabi Alai elkartearen korporazioari eman dio egun hauetarako. Pregoian suziriaren jaurtiketak ingurumenean eragiten dituen kalteak izan dituzte hizpide, besteak beste, eta suziriaren hondakinak zein edukiontzietara bota behar diren argibideak eman dituzte, ohiko umoreaz. Joakin Izagirre aurtengo inauterizale kuttunak piztu du suziria, eta ondoren lehertu da festa.

Inauteriak gaur hasi badira ere, igandera arte ez da mozorrorik izango Tolosan. Igande, astelehen eta asteartean dituzte mozorrotzeko egunak.