Maitane ALDANONDO

SABAITEK: IRTENBIDE IRAUNKORRA ETA BERRITZAILEA, ERAIKUNTZAREN ESKURA

Gipuzkoako Sabaitek enpresak erabilera anitzak izan ditzakeen ehun-zuntza erabiltzen du hormak eta sabaiak estaltzeko. Poliesterrezko sareekin egindako materialak irtenbide erosoa eskaintzen die obrarik egin nahi ez duten norbanakoei eta enpresei.

Karlistadaren ondoren, industrializazioa ehungintzaren eskutik iritsi zen Gipuzkoara. Lehen ehun-makina Bergaran jarri zuten eta lotura hori urtetan mantendu da. Ehun-zuntzari erabilera berri bat eskainiz, 2012an Sabaitek enpresak ateak zabaldu zituen. Paulo Elkoro da elkarte mugatuaren zuzendaria eta bi bazkideetako bat. Aurretik artisautza tailerra izan zuten eta beira zuntzarekin 3D irudiak egiten zituzten. Lanik gabe geratzean, beste material baten bila hasi ziren. Jardunbidea emateaz gain, berritzailea izan zedin nahi zuten. Hala, Clipsoren eskutik, Elkoro eraikuntzaren munduan murgildu zen, eta beste kideak artisautzarekin jarraitu zuen.

Karlistadaren ondoren, industrializazioa ehungintzaren eskutik iritsi zen Gipuzkoara. Lehen ehun-makina Bergaran jarri zuten eta lotura hori urtetan mantendu da. Ehun-zuntzari erabilera berri bat eskainiz, 2012an Sabaitek enpresak ateak zabaldu zituen. Paulo Elkoro da elkarte mugatuaren zuzendaria eta bi bazkideetako bat. Aurretik artisautza tailerra izan zuten eta beira zuntzarekin 3D irudiak egiten zituzten. Lanik gabe geratzean, beste material baten bila hasi ziren. Jardunbidea emateaz gain, berritzailea izan zedin nahi zuten. Hala, Clipsoren eskutik, Elkoro eraikuntzaren munduan murgildu zen, eta beste kideak artisautzarekin jarraitu zuen.

Clipso Suitzako enpresa batek garatutako eta 2000 urtean patentatutako materiala da. Alemanian eta Danimarkan poliesterrezko sareak erosi eta Alsazian (Frantzia) 5 metroko zabalera eta 50 metroko luzera izan ditzaketen xaflak ekoizten dituzte. Lehenik, poliuretanozko tratamendu baten bidez isolamendu fin bat ematen diote, eta ondoren, funtzioaren arabera prestatzen dute. Europako zein munduko herrialde askotan erabiltzen dute eta Elkorok hiru ezaugarrirekin definitzen du: diseinua, funtzionaltasuna eta iraunkortasuna. Izan ere, bezeroak nahi duen irudia inprima daiteke bertan, espazioa pertsonalizatuz; Clipsok ez du ia hondakinik sortzen, eta horrez gain, funtzio anitzak izan ditzake: hidrofugoa, bakterio aurkakoa, akustikoa... Hormaren edo sabaiaren tamainaren eta zailtasunen arabera luzatu arren, horma sinple batean ordu gutxitan jar daiteke. Eraikuntza berrietarako egokia izateaz gain, erreforma edo birgaitze lanetarako ere aproposa da. “Oso elegante eta sinplea da, perfektua delako. Instalazioak oso errazak dira, obra gabeak, eta oso laua geratzen da, inperfekziorik gabe”.

Bezero segmentu oso zabala dute. Elkorok dioenez, “sabaia duen guztia da gure bezero potentziala. Norbanakoak edo enpresak, erreforma egin nahi dutenak, baina obrarik ez: saltokiak, jatetxeak, igerilekuak...”. Sektoreei ere zuzentzen zaizkie, esaterako, interioristak eta arkitektoak. Oraingoz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarri du arreta, nahiz eta Nafarroan ere bezeroren bat edo beste izan duten. Elkarte mugatua inbertsio apustu gisa eratu zuten eta fakturazioa urtetik urtera hazten ari da. Negozioa ezagutarazten jarraitzen badute ere, etorkizunari dagokionez, Elkoro baikor agertu da. “Iaz gorakada garrantzitsua izan genuen, eta aurten ditugun proiektuei esker, inbertsio berriak egiteko aukera izaten hasiko gara”.

Hiru urte hauek bai materialari bai negozioari buruzko ikasketa prozesua izan dira lan taldea osatzen duten hiru kideentzat. Orain, eskarmentua baliatuta, jendea prestatu nahi dute. “Guk bi urteko ikasketa prozesua izan dugu. Hainbat lan eta proiektu egin ditugu eta esperimentatzea, ezagutzea, eta bide bat markatzea izan da. Orain jendea prestatu nahi dugu. Horretarako formazio ziklo bat jarriko dugu, ziur aski, apirilean hasiko gara”. Bertan, produktuari buruzko jakingarriak irakatsiko dizkiete eraikuntza munduko profesionalei. “Arotzak, igeltseroak, diseinu enpresak...”.

Eraikuntzako profesionalen uste ona izateko lanean ari dira. Oztopo nagusiak, krisiak sektorea gogor ukitu izana eta materialen inguruko usteak dira. Enpresako zuzendariak nabarmendu duenez, esparru nahiko kontserbadorea da. “Beti material sendoak eta astunak izan behar dira: harria, igeltsu ijetzia... Oihala jartzea, bitxia da”. Horrez gain, enpresak iraungo duela eta mantenua izango dutela ere ziurtatu behar diete. Elkororen ustez, “konfiantza hori irabazi egin behar duzu. Prozesu bat da, eta gutxika lortzen ari gara”. Clipso enpresarena ere badute, eta estatuko iparraldean, Galiziatik Aragoira, produktuaren banatzaileak dira.

 

OBra hondakinak, edukiontzi horira bidean

Eraikuntzak sortzen dituen hondakinak arazo larria dira. Gaia aztertu duten ikertzaileen kalkuluen arabera, esparru honetan, lehengaien %60 erabiltzen dute eta munduko hondakin solidoen portzentaje bera eragiten. Izan ere, metro koadro bat eraikitzeko bi tona material inguru erabiltzen dituzte, eta horietatik, zati handi bat zabor bihurtzen da. Arazoari irtenbide iraunkorra eskaintzeko, Sabaitek enpresako zuzendari Paulo Elkorok aukera berri bat eskaini nahi die sektoreko profesionalei. “Gure helburuetako bat eraikuntzan sortzen den zabor kopuruaren estatistika aldatzea da. Horretarako, jendeari alternatiba modernoa, funtzionala eta fidagarria eskaintzen diogu”. Ohiko produktuen ordez, Clipso izeneko materialaren erabilera sustatu nahi dute. Honek, bere bizitza osoan energia oso gutxi kontsumitzen du eta zabor gutxi sortzen ditu ekoizpenean, garapenean nahiz instalazioan. Clipso obra-hondakina bilakatzean ere oso material gutxi izaten da eta edukiontzi horian botata birziklatzen da. “Hori da egiten dugun ekarpen interesgarria eta garrantzitsua, eraikuntzaren munduan berritzailea den material batekin”, dio Elkorok.M.A.