13. Aste Nagusi Pirataren egitaraua aurkeztu du gaur Donostiako Piratak mugimenduak. «Aurtengoan inoiz baino gauza gehiago» antolatu dituztela adierazi dute, izan ere, aurten «Alde Zaharreko guneez gain, Donostia osora zabaltzen da Aste Nagusia eta festa giroa». Ekimenak Flamenkan (erdian beste gune batekin), Nautikoan, Antiguan, Grosen, Urgull mendian, Txantxarreka, Kortxoenea eta Letaman gaztetxeetan, Guardetxean... izango dira.
Aurten Udalean aldaketa izan denez, Piratek ezingo dute DJ egitaraua Nautikoan egin: «Gure desadostasuna adierazi diegu bileretan, eta aurten Nautikoa egunean zehar erabiliko dugu, baina gauetan ezingo dugu». Aurten, beraz, Guardetxean izango dira DJak. Musika egitaraua datorren astean aurkeztuko dute.
Piratek adierazi dute mugimendua «geroz eta zabalagoa, anitzagoa eta sendoagoa dela, jaiak balioz janzten baititugu». Bost balore azpimarratu dituzte: parekidetasuna, non helburua den «jai eredu parekidea sortzea genero ikuspegiaz hausnarketa zabaltzea, eta feminismoa lantzea».
Horrekin batera, jasangarritasuna bultzatu nahi dute: «berrerabilpena, birziklapena eta bertako produktuen kontsumoa» sustatzeko; bestetik, euskaltzaletasuna, «euskararen presentzia jaien esparruan bermatu eta indartzea», eta «euskaltzaletasuna zabaltzea eta euskaltzaletasunera jendea erakartzea» ere helburu duena. Bestalde, parte-hartzea, «adin, gustu eta profil desberdinetako jende geroz eta gehiagok gozatzeko aukera izan dezan gure jai ereduarekin» eta, azkenik, elkartasuna, elkarte askorekin elkarlana bultzatuz, eta «gizarte eraldaketa bilatuz, elkartasun eta elkarlan baloreak oinarri».
Egitaraua
Egitarauari dagokionez, abuztuaren 7an, txupinazo bezperan jai parekideen aldeko poteo batekin hasiko dira. Hurrengoa egunean, abuztuaren 8an, Ezkilaren etorrera eta txupinazoa izango dira; aurten gainera, Ezkila kapitaina birsortu dute.
Astelehenean, abuztuak 10, Abordatzea egingo dute; «geroz eta partaide gehiago dituen ekimena» dela azpimarratu du mugimenduak. Izen-ematea uztailaren 27tik abuztuaren 5era webgunean sortu duten formulario baten bidez egin beharko da. Baltsak eraikitzeko txandak zeintzuk diren abuztuaren 7an jakinaraziko dute.
Abuztuaren 11ean ospatuko dute Kalefesta, abuztuaren 13an Abordatze Txikia eta azken igandean Irrikitaldiarekin amaituko dute Aste Nagusia. Honekin batera, kofradiek euren egitaraua aurkeztu dute, webgunean eskuragarri daudenak.