Gotzon ARANBURU
ARRUITZ

«Hemen ez dugu garirik, hemen belarra besterik ez daukagu»

Hamabi urte besterik ez zituen Ramon Astizek haziendekin lanean hasi zenean. Lekunberri ondoko Arruitzeko jaiotetxean hamabost-hogei bat behi zituzten eta haiekin ateratzen zuten bizimodua, duela hogei bat urte arte.

Ramon Astiz, txahal batekin Arruitzen. (Gotzon ARANBURU)
Ramon Astiz, txahal batekin Arruitzen. (Gotzon ARANBURU)

Ordutik hona asko aldatu dira gauzak. Merkatuko dinamikak bultzatuta, behi gehiago jarri –denak frisoiak– eta instalazio handiagoak prestatu behar izan ditu Ramonek, esnetik bizitzen jarraituko badu. Arrakasta izan du eta pozik ikusi du –duela bi urte hartu zuen erretiroa– semeek segida hartu diotela haziendekin.

Dena ez da poza, ordea. Esnearen prezioak eta kuotak gorabeheratsuak izaten dira, eta Europar Batasunak kuotak kendu dituenetik, beldur da Ramon. «Merkatu librean geratu gara. Ia ez du inporta esnea kalitatekoa den edo ez; esne guztiak dira zuriak eta prezioak bakarrik izango du garrantzia. Eta guk gerra horretan ez daukagu defentsarik».

Egoera ekoizle guztientzat okertu da, baina denei ez die berdin eragiten, Ramonek azaldu digun bezala: «Badira baserritar batzuk inbertsio handitan sartuta daudenak eta oraindik ordaindu gabe dituztenak. Horientzako da egoera arriskutsuena. Beste batzuek kredituak itzulita dituzte eta horiek hobeto eutsi diezaiokete. Esnea zeini ematen diozun ere garrantzitsua da. Guk Kaiku kooperatibari saltzen diogu hamarretik zortzi, nahiko prezio egokian. Beste zati bat gaztaitegiei saltzen diegu, baina geratzen dena ahal dugun moduan eta ahal dugun prezioan kendu behar izaten dugu, askotan oso-oso merke; irabazteko ez, ahalik eta gutxien galtzeko baizik».

Izan ere, behiak egunero gobernatu beharra eta egunero jetzi beharra dago. Ez dira makinak, izaki biziak baizik. Eta ematen duten produktua ere, esnea, ez da lantoki batek ekoizten duen pieza hori bezalakoa, biltegian gorde daitekeena erosle egokia aurkitu arte. Esnea egunero kendu beharra dago, ez da stock-ik egiten.

Deslokalizazioak gertatzen ari ote den ere beldur da Ramon. Andaluzian gero eta esne gehiago ekoizten ari omen dira, eskulanaren prezioa baxuagoa delako eta ingurumen kontuetan ere exijentzia txikiagoa delako.

Beste kontu batek ere penatzen du Ramon. Arruitzen hamabost familia bizi ziren baserritik, eta gaur egun hiru besterik ez dira. Hiru hauek lehen baino askoz behi gehiago dituzte, baina besteak bidean geratu dira, baserriko lanetik bizimodua atera ezinda. Landa turismoak indarra hartu du, baina hor ere ez da dena arrosa kolorekoa: bezeroek paisaia politak maite dituzte, baina behien simaurra zapaltzea ez, usaina ere ez. Baserritarren lanik gabe ez dago, ordea, ez barruti berderik, ez artalderik eta ez behirik larrean.

«Hemen, Kantauri itsasertzean, ez daukagu garirik, ez fruta arbolik. Hemen belarra daukagu, besterik ez. Erriberan eta hortik behera beste aukera batzuk badituzte, baina guk belarra eta behiak bakarrik, eta horrek ez badigu bizitzeko adina ematen, akabo» diosku Ramonek.