naiz
DONOSTIA

Jokin Altunak nagusitasunez lortu du ligaxkako lehen puntua (22-14)

Partida ederra eskeini dute Jokin Altuna eta Iñaki Artolak, non Amezketarra nagusitu den hasiera-hasieratik. Final laurdenetako ligaxkako lehen puntua lortu du Aspeko aurrelariak. Etorkizuna eta oraina direla erakutsi dute biek ala biek.

Altuna garaile izan zen Lekunberrin Aritz Lasaren aurrean. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Altuna garaile izan zen Lekunberrin Aritz Lasaren aurrean. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Final laurdenetako ligaxkako lehen puntua lortu du Jokin Altunak Atano III. frontoian. Iñaki Artola garaitu du Donostian indarrean jokatutako partida batean. Maila handia erakutsi dute bi gazteek eta beteranoei lana emango dietela argi utzi dute.

Lehen tantoa egin du Artolak, baina segidan zortzi egin ditu Altunak. Nagusi zen frontoian. Azkar eta errematean asmatuz. Artolak, aldiz, ez zuen txokorik topatzen. 11-3 ere jarri da lan erditan, eta alde horrek eman dio garaipena amaieran.

Alegiakoak, hala ere, ez du amorerik eman, eta partida benetan serioa egin du, nahiz eta Altuna finago aurkitu den gaur.11-10 ere gerturatu da. Hor amaitu da bere tanto segida. Dena den partida berdintzea ere lortu du (13-13) eta baita aurretik jartzea ere (13-14), baina bere markagailua bertan geratu da. Une horretatik aurrera nagusitasuna berreskuratu du Altunak eta erritmoa gaur gorriz aritu den amezketarrak jarri du eta bederatzi tanto egin ditu segidan lehen garaipena lortzeko.

Modu honetan, iazko promozioko finaleko mendekua hartu du Jokin Altunak. Orduko hartan, 22-8 nagusitu zen Iñaki Artola gaurko plaza berean.