NAIZ
IRUÑEA

Mugakide diren herrien osasun zerbitzua hobetzeko akordioa sinatu dute EAEk eta Nafarroak

EAEko eta Nafarroa Gobernuko Osasun sailburuek hurrengo hiru urteetarako bi gobernuen arteko lankidetza sinatu dute, mugakide diren herrien osasun zerbitzua hobetu asmoz. Osasun publikoko laborategien arteko lankidetza ere adostu dute.

Dominguez eta Darpon Iruñean elkartu dira. (IREKIA)
Dominguez eta Darpon Iruñean elkartu dira. (IREKIA)

Nafarroako Gobernuko Osasun sailburu Fernando Dominguezek eta Lakuakoak, Jon Darponek, bi gobernuen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, Nafarroa eta EAEn mugakdieak diren herrietan osasun zerbitzua hobetu asmoz. Sinatu duten hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du, eta automatikoki luzatuko da urtebeteko aldietarako, betiere alderdi batek ez badu salatzen.

Hitzarmenak, Bortzirietako herriei (Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Bera), Arano eta Goizuetari eta Cabredoko kupoari (Cabredo, Genevilla, Lapoblacion, Marañon eta Meano) eragiten die zehazki. Guztira, 10.000 biztanle inguru daude herri horietan. Bortzirietako biztanleek eta osasun laguntza espezializatua jasoko dute Irun eta Hondarribiko osasun zentroetan, Arano eta Goizuetakoek Donostia Unibertsitate Ospitalean eta Arabako osasun zerbitzuetan Cabredo, Genevilla, Lapoblacion, Marañon eta Meanoko biztanleek.

Nafarroako Osasun Zerbitzuak, berriz, asistentzia emango die lehen mailako arretako guardietatik bideraturiko Maeztu, Bernedo eta Kanpezuko biztanleei. Hitzarmen honen bidez, era berean Nafarroako Osasun Zerbitzuak egingo da Osakidetzatik bideratutako bigarren iritziko eta espezializazio handiko eskaeren erantzule. Bertan, genetika, anatomia patologiko, barne medikuntza, erradiologia interbentzionistari zein neurokirurgia eta onkologiako espezialitateei dagokienez.

Osasun publikoko laborategien arteko lankidetza ere jasotzen du hitzarmenak. Zehazki, aurreikusi dute EAEko osasun publikoko laborategiak egitea Nafarroan ezarri beharreko jaioberrien behaketarekin lotutako analisiak, modu honetan metabolismoaren gaixotasun gehiago hauteman ditzakete jaioberriengan.