Naiz
Donostia

Euskalduna izan eta euskaraz egin aldaketak eragiteko

«Izan, egin, eragin, Euskal Herrian Euskaraz» gogoeta erabiliko du aurten Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Helburua «euskararen alde egotetik euskaren alde egitera» pasatzea da.

Euskal Herrian Euskaraz-ek abenduaren 3rako egitasmo bat aurkeztu du. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Euskal Herrian Euskaraz-ek abenduaren 3rako egitasmo bat aurkeztu du. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Euskal Herrian Euskaraz taldearen ustez, euskaraz bizitzeko bidean, «euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasa beharra dugu, esatetik egitera». «Bada hizkuntza gatazka gainditzeko premia, eta, horretarako, euskaldun eta burujabe jokatzeko garaia da. Euskaldun izan, euskaraz egin, aldaketak eragiteko», azaldu du eragileak, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, ekimen berri bat egingo duenak.

«Abenduaren 3an euskaraz biziko gara. Egia esan, ez gatoz ezer berria egitera, dagoeneko euskal herritar askok hautu hori egina dutelako. Baina aldaketak eragin nahi baditugu, praktika sumisoa gainditu, eta praktika burujabearen aldeko hautua da indartu nahi duguna», azaldu dute Euskal Herrian Euskaraz taldeko ordezkariek gaur Donostian egindako agerraldian.

Ekimenarekin euskaltzaleengan eragin nahi dute, «aldaketak eragiteko euskaldunok iniziatiba hartu beharra dugula erakutsi, baina baita euskaltzale erdaldunengan eta hauen jarrera erosoan eragin, hizkuntza eskubideen bermean eragin, edota egunerokoan euskaldunok bizi ditugun gatazkak agerian utzi nahi ditugu».

Halaber, abenduaren 3an,  euskaldunen komunitatea batu eta indartu nahi dute. «Horregatik dei egiten diogu euskaltzale orori gurekin batera euskaraz bizi daitezen, eta, guk egingo dugun bezala, egun horretan beraien esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabal ditzaten. Hori izango da gure asmoa. Egun horretan egin eta gertatzen zaiguna sare sozialetik zabaltzea», esan dute. Horretarako #EgotetikEgitera traola erabiliko da. «Herritarrok daukagu giltza, euskaraz bizitzea gure esku dago. Euskaldun izatearen kontzientzia hartu, euskaraz egin, aldaketak eragiteko», azpimarratu dute.