Amagoia Mujika Telleria

Kontsumoak gastatuta

Gabon sasoian kontsumitzaileak ez du arnasgune handirik topatzen. Iragarki bonbardaketa latza izaten da, norabide askotatik datorrena, eta erraza izaten da neurria galtzea neurriak tokirik ez duen egunetan. Kontsumitzaile elkarteetatik urtero mezu berdina errepikatzen dute; patxada, planifikazioa eta burua hotz.

Gabonak neurririk gabeko sasoia bihurtuta daude; neurririk gabe jan eta edan eta neurririk gabe kontsumitu. Zoriontasun infinituaren izenean jo eta su jarduten dute iragarkiek, kontsumitzailea arrastaka auskalo nora eramanez. Horregatik, kontsumitzaile elkarteek urtez urte saiakera berezia egiten dute zurrunbilotik atera, Gabonetako argietatik apartatu eta aholku batzuk emateko. Gutxi edo gehiago –eta batez bestekoek dituzten ertz guztiekin– aurtengo Gabon sasoian etxe bakoitzean 644 euro gastatuko direla kalkulatzen da; 274 euro jostailuetan eta oparietan; 264 euro jatekoan eta edatekoan; eta 106 euro, loterian.

2008. urteaz geroztik, krisiaren itzala igartzen hasi zenetik, joera aldaketa bat sumatu da euskal kontsumitzaileen jokaeran. Neurtuagoa eta planifikatuagoa izan da Gabonetako kontsumoa azkenengo urteotan, kontsumitzaile elkarteek ematen dituzten aholkuetatik gertuagokoa. Ez elkarte horien eraginez, krisiak behartuta baizik. Baina kontsumitzaile elkarteetatik joera hori nabarmendu dute, eta betiko aholkuetan indarra jarri.

Kontsumo arduratsuaren bidean eman beharreko lehen urratsa Gabonetako menuak eta opariak aurrez eta patxadaz pentsatzea da. «Ideia ona da Gabonetako erosketak aurreratzea, betiere ondo planifikatu eta gero. Produktu asko, elikagaiak bereziki, garestitu egiten dira Gabonak gerturatu ahala», nabarmendu du Nafarroako Iratxe Kontsumitzaile Elkarteak. Iaz, esaterako, legatza %34 garestitu zen Gabon sasoian; ganba freskoak, %31, eta, bisigua, %25.

Elikagaiak aurretik erosi eta izoztea aukera ona da, baldin eta izozteko prozesua egoki egiten baldin bada. «Hotzaren katea errespetatu beharra dago. Elikagaia lehenbailehen izoztera sartu, aurretik iraungitze data ondo begiratu, eta, behin desizoztuta, ezin da berriz izoztu. Era egokian eginez gero, elikagaiak bere propietate guztiak bere horretan mantenduko ditu», nabarmendu dute Iratxetik.

Prezioak konparatzea gomendagarria da, bai elikagaien kasuan eta baita oparien kasuan ere. Horretarako, noski, garaiz ibili beharra dago. «Komeni da saltokiak lasai dauden garaian joatea, ez jende asko dabilenean. Eta toki bateko eta besteko prezioak koaderno batean apuntatzea».

Eskaintzek ere toki berezia hartzen dute sasoi honetan, modu erakargarrian eta distiratsuan nabarmentzen diren eskaintzak. «Adi eskaintzekin. Ondo irakurri informazioa eta kalkulatu dirutan benetan eskaintza ematen duen bezain erakargarria ote den. Eskaintzan ez dagoen produktuarekin konparatu eta hotzean aztertu».

Kontuz finantzaketa moduekin

Finantzaketa moduek ere garrantzi handia daukate kontsumo arduratsu bat egiterako orduan. «Egun saltoki askotan erosketak geroratzeko edota epeka ordaintzeko modua eskaintzen dute. Baldintzak arretaz aztertu behar dira, ordaindu beharreko interesak ondo kalkulatu eta hasierako preziotik garestitzea zenbaterainokoa den ikusi».

Faktura ondo gordetzea ere oso gomendagarria da. «Beti faktura exijitu behar da eta ondo gorde. Edozein aldaketa edo erreklamazio egiteko beharrezkoa da faktura. Eta garantia gordetzea ere komeni da».

Gainontzean, irudimenak eta berrikuntzek ere lagun dezakete poltsikoaren astinduari eusten. «Jatekoari dagokionez, askotan osagai arruntagoekin eta irudimena erabiliz plater oso gozoak, gustagarriak eta originalak osa daitezke. Emaitza bikaina izan daiteke, eta ez hain garestia», nabarmendu dute Iratxetik.

Itxaroten jakitea ere aukera osasungarria izan daiteke. Ez da nahitaezkoa dena Gabon sasoian erostea. Aste pare bat itxaronez gero, eskaintza oso onak topa daitezke, bereziki arropari dagokionez.

Interneteko aukera ere hor dago. Bertan kontsumitzaileak aukera zabalagoa topa dezake, prezio hobeak eta konparatzeko bidea. Datuek diotenaren arabera, on line erosketen aukera gero eta zabalagoa da kontsumitzaileen artean. Aurreikusten da Internet bidezko erosketak %28 igoko direla iazko datuekin alderatuta. Baina hor ere, ardura eta patxada mesedetan izaten dira.

 

Zoriontasuna kontsumoarekin ehizatu nahia

Kontsumo konpultsiboa ez da gaur goizekoa. Badira hamarkada zenbait Europa mailako kontsumitzaile elkarteak kezka agertzen hasi eta bide horretan lanean hasiak direla. Izan ere, neurririk gabeko kontsumoak gehiegizko zorpetzea dakar eta Europar Batasuna kezkatuta dago arazo sozioekonomikotzat hartzen duen horrekin.

Publizitateak eraikitako mezuaren arabera, zoriontasuna eta produktuak eskuratzea estu lotuta daude. Hartara, kontsumitzeko beharra sortzen da, gauzak erosteko beharra, zoriontasunaren gakoa hor dagoelakoan. Arazoa da behin produktu hori eskuratuta kontsumitzaileak ez duela espero zuen zoriontasunik jasotzen, edota ez diola irauten denboran. Eta helmuga hurrena erosi beharreko horretan jartzen du.

Bide horretan, Europa mailan egindako ikerketa baten arabera, herritar helduen artean %33k erosketekiko mendekotasuna dauka (emakumezkoen %34k eta gizonezkoen %32k). Horietatik %18k era moderatuan, %15ek modu larri samarrean, eta %3k, modu patologikoan. Gazteen kasuan, mendekotasun hori larriagoa da, %46ra igotzen baita (emakumezkoen %53 eta gizonezkoen %39); gainera, %8 modu patologikoan dago kontsumoari lotuta.

Gainera, aipatu ikerketa horrek hankaz gora jartzen ditu hainbat aurreiritzi: kontsumoa ez da depresiorako joera duten emakumeen arazoa. Ikerketak mahai gainean jarri duenez, gazteen artean arrakasta sozial handiena dutenak eta ederrenak sentitzen direnak dira gehien kontsumitzen dutenak. Helduen kasuan, berriz, beren itxura fisikoarekin gustura ez daudenak dira gehien kontsumitzen dutenak.

Europa mailako ikerketak bistaratu duenez, 16 urteren bueltako gazteek kontsumo konpultsiboan erortzeko arrisku handiagoa daukate. Baina, zergatik? Adituen hitzetan, «orokorrean gazte europarrentzat erosketak egitea da aisialdirako ekintzarik dibertigarrienetakoa. Merkataritza gune handietan sartu eta neurririk gabe erostea gustatzen zaie, gauza berriak eskuratzea, kontrolik gabe eta ardura ekonomikorik gabe. Nerabezaroa oso garai inpultsiboa da, norberaren kontrola oso zaila izaten den garaia. Eta nerabeak zaurgarriagoak dira publizitatearen aurrean, aiseago harrapatzen dituzte iragarkietako mezuek». Galdera da helduarora iristean joera berdinarekin segituko ote duten.

Badira egoeraren larritasuna zehazten lagun dezaketen gakoak: maiz tristatu egiten naiz dirua modu inozoan gastatu dudalako; triste nagoenean zerbait erosi eta animatu egiten naiz; bulkadaz egiten ditut erosketak; gustatzen zaidan zerbait ikusten dudanean, ezin dut burutik kendu erosi arte.