NAIZ
GASTEIZ

EAJ, PSE eta PPk ezezkoa eman diote pentsio duinei buruzko herri ekimen legegilea tramitatzeari

Gasteizko Legebiltzarrak ez du tramitera onartu pentsio duinak bermatzeko herri ekimen legegilea, EAJ, PSE eta PPk kontrako botoa eman baitute. «Pentsiodunen beharrak asebete eta lehenetsi ordez», alderdi horiei «Madrilek inposatutako mugak onartzea nahiago» izatea egotzi die EH Bilduk.

Gasteizko Legebiltzarraren txosten juridiko baten gomendioei jarraiki, jeltzaleek, PSE eta PPrekin batera Pentsionistak Martxan plataforman pentsio duinak bermatzeko aurkeztu zuen herri ekimen legegilea, EAEk pentsioak igotzeko eskuduntzarik ez duela argudiatuta.

Ohar bidez, tramitera onartu ez izana gaitzetsi du EH Bilduk eta Belen Arrondo legebiltzarkideak azaldu duenez «Legebiltzarrak euskal jendarteak dituen beharrak asebete eta lehenetsi behar ditu, hemen bizi den jendeak behar duena egin behar du, eta ez Madrilek egiten utzi nahi diguna bakarrik».

Nabarmendu duenez, «oso kezkagarria da bere burua abertzaletzat jotzen duen EAJ bezalako alderdi batek espainiar Estatuak inposatutako mugak ontzat ematea eta politika irizpide horren arabera bakarrik egitea». «Penagarria da EAJk pentsio duinak bermatzeari ezezkoa ematea eta bere argudioa izatea egungo marko estatutario eta konstituzionalak ez digula hori egiteko aukerarik ematen».

Hori dela-eta, Arrondok adierazi du «marko horrek euskal pentsionistei pentsio duinak bermatzen ez badizkie, bistan da herri honek beste marko bat behar duela, burujabea».