NAIZ
BILBO

Bertoko sagarrez eginiko 180.000 litro sagardorekin hasi da Bizkaiko txotx denboraldia

Bizkaiko txotx denboraldia inauguratu dute Zornotzako Uxarte sagardotegian, eta Aitzol Atutxa Euskal Herriko aizkolari txapeldunak egin du lehen txotxa. Bizkaian bederatzi upategik ekoizten dute sagardoa, eta 2015eko uztatik 180.000 litro atera dituzte, guzti-guztia bertako sagarrekin eginda.

Bizkaiko txotx denboraldiaren irekiera, Zornotzako Uxarte sagardotegian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Bizkaiko txotx denboraldiaren irekiera, Zornotzako Uxarte sagardotegian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Aitzol Atutxa aizkolari dimoztarrak ireki du Bizkaiko txotx denboraldia, Zornotzako Uxarte sagardotegian egindako ekitaldian.

Bizkaian 9 upeltegik ekoizten dute sagardoa. 2015ko uztatik 180.000 litro atera dituzte, guzti-guztia bertako sagarretik.

Bizkaiko zenbait ekoizlez gain, herrialdeko sagardogileen elkarteko presidente Aitor Intxaurraga ere izan da han. Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Polititako sailburuorde Bittor Oroz eta Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendari Peli Manterola egon dira, Exekutiboa ordezkatuz.

Bertan jakinarazi dutenez, Lakuaren erronken artean dago 2016an sagardoa Ipar Amerikako merkatuan sustatzea. Horretarako, Amerikako Estatu Batuetan (AEB) egingo dira promozio ekintza desberdinak eta bertako banatzaileak Euskadira etorriko dira, euskal sagardoa ezagutu dezaten.

AEBetan sagardo kontsumoa azken urteetan ikaragarri igo da. 230 milioi litrotik gora kontsumitzen dira jada eta dagoeneko ari da bere lekua hartzen.