Maider IANTZI
DONOSTIA

Europako hiriburutzari keinu eginez hasi da danbor astindua

Hasi da 24 orduko danbor erreinaldia Donostian, era berezian hasi ere. Gauerdian, Europako ereserkia aditu ondotik, danborradaren zazpi guneetako eta haur danborradako ordezkari banak testiguak jaso zituzten nork bere tokira eramateko. Kultur hiriburutza irudikatzen duten lekukoak bertan egonen dira egun osoan, gaur gauerdira arte.

Larunbatean inauguratuko da ofizialki Donostiaren 2016ko Kultur Hiriburutza, baina danborren lehen tarrapatekin batera azaleratzen hasi ziren jada urte berezi honen ezaugarriak. Hiritar Merezimenduaren dominen banaketa ekitaldian sumatu zen hori, iluntzean.

Udaletxeko batzar aretoa gonbidatuz lepo –tartean Pablo Berastegui hiriburutzaren zuzendaria, Miren Azkarate 2016ko zinegotzia, Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia– eta txistulari bandak osatutako pasilloan barna domina jaso zuten bost elkarte eta pertsonak, txalo zaparrada batekin eta erraldoi eta buruhandien konpainiarekin. Ederki sumatu zen sarituetako bat Itzurun konpartsa izan zela.

«Oso urte berezia da, Europako kultur hiriburu gara eta gure hiriarentzat nahi ditugun balioak plazaratu nahi ditugu. Nahi dugun Donostia irudikatzen duten elkarte eta pertsonak omenduko ditugu». Horiek izan ziren Eneko Goia alkatearen sarrera hitzak. Eta, gehiago itxaron gabe, momentu hunkigarrietan sartuz, dominak ematen hasi zen. Aurrena Katxalin elkarteari, bularreko minbizia sufritzen duten emakumeen alde egindako borrokarengatik.

Garrantzitsuena, bizitzea

1987an sortu zen Katxalin, garai hartako Onkologikoan lan egiten zuen Teresa Sukiaren ekimenez. Hamar bat emakume bildu ziren orduan eta orain 600dik gora dira. Prebentzioa sustatzeko hitzaldiak, laguntza psikologikoa, talde ekintzak... Makina bat modutara adierazten dute «garrantzitsuena bizitzea» dela.

Txaro Beobidek jaso zuen domina, hagitz hunkituta, eta jakinarazi zuen hitzarmena sinatu dutela erietxearekin, beraien beharra duten emakumeengandik hurbilago egoteko. Bi ordezkaritza dituzte, Bergaran eta Ordizian. Azpeitian izan zuten eta berreskuratzeko asmoa agertu zuen. Saria bultzada izanen da horretarako, baita 81 urteko emakume honen bizitzarako ere. «Lanean segituko dut hau dena hazteko», agindu zuen.

Osasunarekin lotuta dago bigarren domina ere. Alde Zaharreko anbulatorioko Juan Ojanguren medikuak jantzi zuen. Erretiroa hartu eta hutsune handia utziko duen «bokaziozko» sendagileak 20 urte eman zituen Oiartzunen lanean eta bertze 15 Donostian. Ezagutzen dutenek bere apaltasuna eta pazientearekin izan duen tratu hurbila eta entzuteko gaitasuna goraipatu zuten, bertze gauza aunitzen artean. Berak familia medikuen eta gaixoen artean sortzen den konfiantzazko harremana nabarmendu zuen, baita herritarren eta lehen arretako medikuen artekoa ere, bere estamentu guztiekin, erizainak, administrazioa eta medikuak.

Hirugarren dominak hezkuntzan egindako lana saritu zuen, ehun urte bete dituen Nazaret ikastetxearena. Kasu honetan ere gertutasuna eta entzuteko gaitasuna goraipatu zituzten. Tabakalerako emakumezko langileak formatuz ekin zion bideari zentroak eta bolada batez emakumezkoak soilik hartu zituen. Gero denei zabaldu zizkien ateak. 1.000 langile izan ditu eta 70.000 ikasle hezi ditu.

Chernobil elkarteak ere, laugarren sarituak, urteurrena du, hogeigarrena. Ukrainan leherketa eta hondamendia gertatu zirenetik, berriz, 30 urte igaro dira. Marian Izagirre elkartearen presidenteak haurrak hartzen dituzten familiekin partekatu zuen aitorpena, bereziki 54 sendi donostiarrekin, baita etorkizunean animatuko direnekin ere, horren beharra baitago.

Azkenik, Itzurun konpartsak hartu zuen agertokia eta festaz bete zuen aretoa. Aurrena buruhandiek egin zuten dantzan, gero erraldoiek, amaierako buelta ikusgarri eta guzti, soinekoak hegaldatuz. 1982tik jai giro ona zabaltzen duen konpartsak halaxe erakutsi zuen zenbat gozatzen duten gozaraziz eta, gaurko abestiak dioen bezala, umore ona zabalduz.