Maitane ALDANONDO

Negozio aukera berriak bilatu, turismoa eta tradizioa uztartuz

Mikel Beldarrain artzainak jarduera bide berri bat irekitzea erabaki zuen Basque Cooltour sortuz. Turismo alorreko elkarteak euskal kultura eta usadioak ardatz dituzten hainbat txango antolatzen ditu eta Adarrazpi gaztandegira bisitak ditu bereizgarri.

Adarrazpi gaztandegia orain hamarkada bat martxan jarri zuten Urnietan Mikel Beldarrainek eta Inma Iriondok. Donostian turismoa hazten ari zela ikusita, hori aprobetxatzeko ibilaldiak antolatzea erabaki zuten. Gaztandegian nahikoa lan zutenez, langabezian zegoen Kepa Ubarretxenari eskaini zioten parte hartzea eta Basque Cooltour eratu zuten. Lau kideko elkarte soziala da –autonomoek osatutako enpresa berezko izaera juridiko gabea–, baina Ubarretxena da enpresan buru-belarri diharduen bakarra. Batetik, kontuez arduratzen da eta horretan baliagarri zaizkio Enpresa Zientzietan lizentzia eta lan eskarmentua. Bestetik, bisitaldietan gidari lana ere egiten du. Jardun horretarako, prestatu eta ikasi behar izan du.

Euskal kultura eta usadioak xede dituzten bederatzi ibilaldi eskaintzen dituzte, azokak, herri kirolak, itsasoa... ezagutzeko; hala ere, gastronomiari lotutakoak dira nagusi. Txangoek 26 eta 90 euro arteko salneurria dute, garraioa barne. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiten dituzte eta egunero eskuragarri daude, baina aurrez erreserba egin behar da webgunearen bidez. Adarrazpi gaztandegia da Basque Cooltourren bereizgarria. Arduradunak dioenez, atzerritarrei asko gustatu ohi zaie eta ezustekoa hartzen dute. «Aurreko esperientziengatik ez dute horrenbeste ikusiko dutenik espero. Toki askotan kristal baten atzetik edo bideoan ikusten dute, hemen, zuzenean ikusi, eta gainera, parte har dezakete». Ardi txakurraren erakustaldiarekin hasten dute bidea, ondoren, arditegia ikusi eta artzain lanaren berri ematen diete. Jarraian, gaztandegira doaz eta Idiazabal gazta nola egiten den ikusteaz gain, produktua egiteko aukera dute. Amaitzean bertako dastaketa egiten dute. Iazko martxoan baserriaren albo bat itxi eta jantokia egin zutenetik bertako arkume eta produktuekin osatutako bazkaria ere ematen dute. Hori horrela, hiru bisitaldi eskaintzen dituzte: estandarra, estandarra bazkariarekin eta laburra bazkariarekin. Horrez gain, udan Aralarrera irteera ere egiten dute. «Mikelek borda eta ardiak edukitzeko lursaila ditu. Ibilaldia egin eta bazkaltzeko janaria eramaten dugu. Jendearentzat izugarrizko esperientzia izaten da», argitu du Ubarretxenak.

Udan izaten dute lan gehien, orduan egiten baitu gora turismoak. Ubarretxenaren hitzetan, estatubatuarrak eta australiarrak dira nagusi, nahiz eta hegoamerikar zein asiar askok parte hartu txangoetan. Kopurua hazten ari dela nabari dute, «turismoa igotzen ari delako eta gu ere gauzak ondo egiten ari garelako». Eragina izan du ere gaztandegiko bazkaria ematen hasi izanak, bertako jendea gehiago erakarri baitu. «Zabaltzen ari da. Ez dugu ezagutarazteko promozio berezirik egin, baina ikusten ari gara etorri den jendea oso gustura joaten dela, kontatu egiten duela. Hasieran gehienak ezagunak ziren, orain, ordea, ez ditugu ezagutzen», azaldu du Ubarretxenak.

Hain zuzen ere, pozik daude orain arteko bilakaerarekin eta beharren arabera aurrera egiten jarraitu nahi dute, «behartu gabe, naturalki». Balantzea egiteko goizegi dela uste du Ubarretxenak, baina gutxika aurrera egiten ari direla. «Lehen bi urteetan dena enpresarentzat izan da, gastu asko dituzulako. Lokala Adarrazpik egin du, baina barruan dagoen guztia Basque Cooltourrek ordaindu du. Ez zuen ematen». Hasteko gurasoen babesa ezinbestekoa izan duela aitortu du arduradunak. «Autonomotan alta eman eta kuota ordaindu behar duzu, irabazi ala ez. Beraiek pagatu dute hilabete guztiotan eta orain buelta ematen ari gara. Horrekin konturatzen zara jendeak zer zailtasun dituen nahiz eta ideia bat edo gogoa eduki».

 

Dibertsifikazioa, negozioari egonkortasuna emateko bidea

Basque Cooltourren sustatzaile Mikel Beldarrainek eta Inma Iriondo emazteak Donostiako San Martin azokan postua dute. Bertan produktuak saldu ahal izatea oso garrantzitsua izan da beraientzat urte batean eskaria jaitsi eta ekoizpen osoa saltzeko larri ibili baitziren. «Gazta bakarrik egiten zuten eta postua izatean dibertsifikatzea erabaki zuten. Esnearen erdiarekin Idiazabal gazta egiten dute eta beste erdiarekin produktu freskoak, mamia edo gazta biguna», azaldu du Kepa Ubarretxena Basque Cooltourren arduradunak. Ildo beretik, turismo munduan sartzea ere erabaki zuten urtebete geroago eta saltokia lagungarri zaie ibilaldien berri emateko.