Ramon SOLA
donostia
Interview
LOREN ARKOTXA ETA MERTXE AIZPURUA
UDALBILTZAKO PRESIDENTE IZANDAKOAK

«Udalbiltzak egiten ez duena ez du beste inork egingo»

Udalbiltzak zuzendaritza berria aurkeztuko du gaur Atarrabian, eta horrek erakundearen iraganaz, orainaz eta geroaz solastatzeko aukera ematen du. Loren Arkotxa ondarroarra izan zen lehen agintaria, eta Mertxe Aizpurua usurbildarra, argazkian ageri den makila honaino ekarri duena. Bien artean, 2003ko eraso bortitza, inflexio puntu mingotsa baina Udalbiltzaren bidea moztu ez duena.

Udal hauteskundeen zikloa igarota, Udalbiltzan parte hartzen duten Euskal Herri osoko hautetsi ugari bilduko da gaur Atarrabian, lanaren balantzea egin, erronkak prestatu eta zuzendari berriari harrera egiteko. Ordu berean 40 espetxeren aurrean egingo diren elkartasun ekimenak ere gogoan dituztela zehaztu du Arkotxak. Hamazazpi urteko ibilbideak ematen du hausnarketarako aukera, eta horretarako nor hobe orain arteko bi agintari nagusiak baino?

Oihartzun handiko hasiera izan zuen Udalbiltzak, erakunde indartsu gisa atera zen plazara. Orain isilagoa, apalagoa da bere jarduna...

Loren ARKOTXA: Sorrera oso barrutik bizi izan nuen, suerte hori izan nuen. Indartsu sortu zen, bai, gogo handiarekin, sinistuta. Sekula ahaztuko ez dudana Euskalduna jauregikoa izan zen, plangintza potentea abiatu zen hortik. Gero, ordea, bi pinoitan, bi abiaduratan, hasi zen mugitzen. Batzuen aldetik ez zen bere potentzialitate osoa garatzeko borondaterik eta horrek ekarri zuen ez haustura (hautsita ez dudalako inoiz ikusi) baina bai bi abiaduratan ibiltzea. Nire ustetan, lehen eta orain oso potentzialitate handia du Udalbiltzak. Erakunde nazional bakarra izateaz gain eta nazio eraikuntzarako tresna egokiena izateaz aparte, Euskal Herri dibertso eta handi honi ederki egokitzen zaion instituzioa da.

Potentzialtasun hori denborarekin galtzen joan dela ulertu behar da? Oraingo lanak hainbesteko oihartzunik ez izateak gutxiago egiten dela esan nahi du?

Mertxe AIZPURUA: Lorenek ez du aipatu, baina beraiek jasan zuten errepresio bortitzak nolabait markatu du bilakaera. Gure lana gero birsortzea izan zen, birsortzea eta egonkortzea. Hiru urte hauetan horretarako oinarriak jarri ditugu. Orain beste fase bat irekitzen da, neurri batean ere Euskal Herria asko aldatu delako hamazazpi urteotan. Beste aukera batzuk sortu dira eta aprobetxatu behar dira. Potentzialitate hori garatzeko aukera gehiago ikusten dut nik.

Kontzeptu aldaketa bat ere ba al da? Udalbiltza Lizarra-Garazin abiatu zen nazio erakundetze prozesuan naturaltasunez txertatzen zen. Orain, aldiz, bizi dugun prozesua ezberdina da. Zertarako Udalbiltza? Elkartasuna, lurraldeen arteko oreka, garatzeko akaso?

M.A: Praktikotasun bat eman diogu Udalbiltzari. Udalbiltzak badu balio sinboliko handia, baina, horrez gain, frogatu da bere lana mesedegarria dela garatu den tokietan. Adibide garbiena Pirinioan Lan eta Bizi egitasmoarena da. Eta Ipar Euskal Herrian Udalbiltzak izan duen eragina oso aipagarria da.

L.A: Oso instituzio gaztea da Udalbiltza, baby bat besterik ez. Baina esperientzia handia eta gogorra izan du hamazazpi urte hauetan. Lehen nolabaiteko aitzakia zegoen bertan parte ez hartzeko, baina gaur egun ez da aitzakia zio hori, eta Euskalduna jauregian 1999an esan genuen hura guztia berregin dezakegu, dugun esperientziatik abiatuz. Euskal Herria aintzat hartzen duten guzti-guztien artean egin dezakegu, guzti-guztiek dute tokia, hemen ez dago mugarik ez eta ate txikirik ere.

Herri txikietan baloratuagoa al da Udalbiltza hiri handietan baino?

L.A: Esango nuke herri txikietan Euskal Herriaren kontzientzia biziagoa dela, eta hiri handietan apalagoa. Honetan ere ikusten da Euskal Herriak plangintza nazional baten beharra duela. Egun batean egingo da...

M.A: Sentsibilitate politiko ezberdinez ari bagara, nahiko adierazgarria da Ipar Euskal Herrian gertatzen dena. Inolako arazorik sortzen ez duen zerbait da eta gainera oso argi ikusten dute zein lan egin behar den eta Udalbiltza horretarako tresna egokia dela.

L.A: Bai, hala da, guztiz ados.

Eudelen EAJk eta EH Bilduk lortu berri duten akordioak zertan baldintzatuko du Udalbiltza? Onerako, txarrerako, edo ezertan ez?

M.A: Ez, baldintzatu ez. Baina gauza ona da, elkarlanerako garaietan gaude. Gu erakunde guztiekin lan egiteko prest gaude, osagarriak gara guztiak.

L.A: Batek besteari ez dio lurrik jaten. Elkarren osagarri dira. Udalbiltzak oso espazio zabala du, potentzialitatea garatzen den neurrian ikusiko dugu ortzimuga zabal-zabala duela.

M.A: Kontua da Udalbiltzak egiten duena beste inork ez duela egingo; ukaezina da hori.

Ezker abertzalea Eudelera hurbildu den bezala, EAJ Udalbiltzara hurbil liteke?

L.A: Garai hauek exijitzen dute hurbilketa, baina ez trukaketa gisa, konbentzimenduz baizik. Egungo garaiek dituzten erronkei tamainako erantzuna emateko gai izango gara guztiok; hala uste dut behintzat. Motu propio, alegia.

M.A: Ipar Euskal Herrian era naturalean egiten dena hemen ere posible izan beharko litzateke. Jakin badakit, erdaraz esaten den bezala ‘me consta’, EAJko zinegotzi batzuek ongi ikusten dutela Udalbiltzak egiten duen lana eta dituen helburuak.

Nafarroako udaletan iaz gertatutako irauliak eta Ipar Euskal Herrian elkargo bakarraren alde dagoen dinamikak Udalbiltza indar dezakete?

M.A: Azken garaian egitura berrantolatzen aritu gara. Nabaritu da, segur aski, baina zaila da neurtzen oraingoz. Faktore horiek aldekoak dira, noski.

Finantziazioa al da Udalbiltzaren arazo nagusia?

L.A: Hasieratik arazo potentea izan da, bai. Ni hasieran arlo bateko ordezkaria nintzen eta esaten nuen ‘jo, Udalbiltzarako dagoen diru guzti-guztia neuk nire arlorako beharko nuke, normal funtzionatzeko’. Gaur ere bai, noski. Arnasa eman behar zaio Udalbiltzari. Gauza oso potenteak egin dira, baina lan militanteari esker, batez ere. Gogoan dut Nazioarteko Konferentzia Donostian egin genuenekoa, mundu osoko 68 herritako ordezkariak ekarriz, batzuk estatu berrietakoak (Eslovenia adibidez)... Egin zen lana ezin zen aurrekontuaz bete, jakina.

M.A: Ez da kasualitatea Carlos Urquijo Estatu ordezkaria bete-betean horren kontra joatea, finantziazioaren aurka. Poztekoa da helegite guztiak irabazten ari garela eta erakunde publiko gisa Udalbiltza guztiz legezkoa dela onartu dela.

Nola irudikatzen duzue Udalbiltzaren etorkizuna, non eragin beharko luke, orain dauden zailtasunekin, bai eta aukerekin ere?

M.A: Duela hamazazpi urteko helburu horiek bere horretan segitzen dute, eta berriro diot, Udalbiltzak egiten ez badu, beste inork ez du egingo. Aukera berriak irekitzen dira, Euskal Herria ezberdina da, baina ditugun gabeziak eta arazoak ere bertan daude. Esango nuke elkarlana beti emankorra dela frogatzen dugula. Udalbiltzak gauza txikiak egiten ditu, agian ez dira oso ikusgarriak, baina emaitzak ematen ditu. Hiru administraziotan banatuta egoteak sekulako kaltea eragiten du, eta ez gara horretaz gehiegi konturatzen. Guzti hau irauli behar dugu eta hau da bidea: saretzea, elkar ezagutzea... Pirinioetakoa aipatu dut lehen, Ikerbiltza programa ere bertan da, hiritarrei eta udaletxeei etorkizunerako onura handiak ekartzen dizkiena.

L.A: Udalbiltza Euskal Herrian guztiok ezagutzen dugun gauza bat bezalakoa da: xirimiria. Badirudi ez duela euririk egiten, baina euria egiten du. Udalbiltzak ere, egin egiten du, badoa bustitzen. Kohesioa bultzatzen du eta guztion erreferentziak berdinak izatea ahalbidetzen du: Hazparne, Arabako Errioxa, Ondarroa... Komunikazio arloan gehiago saiatu behar garela uste dut, bere lana ezagutaraz dezan. Lan praktikoa egiten du. Ideologia ondo dago, baina praktika behar da.