NAIZ
bastida

Hiru bertsio «desberdin eta kontrajarri» Bastidako gertakarien inguruan

Bastidako gertaeren inguruan bi semeei eta haietako baten bikoteari galdeketa egin eta gero, hiruek «azalpen ez argiak eta kontrajarriak» eman dituztela adierazi du Baionako prokuradoreak. Hala ere, prokuradoreak «aita eta semearen arteko liskarra» jo du jatorritzat.

Bastidako etxe honetan eman zen tiroketa. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Bastidako etxe honetan eman zen tiroketa. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bastidan larunbatean gertatutako hilketaren arrazoiak ezezagunak dira oraingoz eta Polizia hiru hipotesi desberdinen inguruan ari da lanean, Kazeta.eus atariak argitaratu duenez. Pascal eta Ewa Rouxel, 50 urte inguruko senar-emaztea, hilik aurkitu zituzten sorospen zerbitzuek Nafarroa Behereako herrian. Baiona eta Paueko jendarmerietako brigadak hilketaren lekuan presente zeuden bi semeak eta horietako baten bikoteari egin diete galdeketa eta bertsio desberdinak jaso dituzte.

«Beren azalpenak ez dira argiak eta oso kontrajarriak dira», azaldu du Baionako prokuradorea den Samuel Vuelta Simonek. Hasiera batean, bi semeetariko gazteenak Hazparneko jendarmeei aitak ama hil zuela eta ondotik berak bere aitari tiro egin ziola deklaratu zuen. Hau dela-eta, prokuradoreak gertakariaren jatorria «aita eta semearen arteko liskarra» dela aipatu du.

Honetaz gain, arma bakarra erabali denaren susmoa dute. Amak tiroa toraxean jaso zuen eta aitak aldiz, toraxean, bizkarrean eta buru hezurrean jaso zituen. «Informazio horiek joera hutsak dira», zehaztu du prokuradoreak.

Bi gorpuen autopsia otsailaren gaur eta bihar artean egingo dute. Era berean, Bastidako auzokideen testigantzak ere jasotzen ari dira.