Andoni ARABAOLAZA

«L’alchimiste» historikoaibilbidea egiten ari da

Inork ez du zalantzan jartzen Fontainebleau Europako blokearen gune garrantzitsuena dela. Bada, baso horretan bloke historiko batek berriro ere protagonismoa hartu du. “L’alchimiste” du izena, eta azken bolada honetan hainbat errepikapen jaso ditu.

Urte batzuk atzera egin behar dugu bloke horren testuingurua ulertu ahal izateko. 1997. urtean, Marc Le Menesterl frantziarra korapilo hori askatzen lehena izan zen. Garai hartako proposamen gogorrenetarikoa zela adierazi zuen, eta 8b graduko proposamen egin ere. Lehen igoera hori lortu ondoren, “L’alchimiste” desagertu egin zen; izan ere, ezezagun batzuek helduleku klabeenak mailu batekin apurtu zituzten. Horren ondotik, aipatutako blokea ezin zen eskalatu.

Hemezortzi urteren buruan, ordea, joan den martxoan hain zuzen ere, Nalle Hukkataival finlandiarrak, blokera joan, saioak egin eta lehen errepikapena sinatu zuen. Zailtasunaren inguruan finlandiarrak ez zuen iritzirik eman: «Hurrengo errepikatzaileek egin dezatela».

Urtarrilaren amaieran, berriz, hirugarren igoera heldu zen, eta protagonista Alban Levier frantziarra izan zen. Blokean gogor borrokatu ostean, 8c proposatu zuen. Bloke horrek, berez, bi irteera ditu: eskuinetik eta ezkerretik. Frantziarrak lehen irteeratik egin zuen.

Oinutsik

Levier-en ondoren, ondoko albistean aipatu dugun Alberten igoera iritsi da. Baina honek, aurreko blokean bezala, oinutsik eskalatu zuen. 18 urteko espezialista honek hiru urte daramatza katu-oinik erabili gabe: «Oinei magnesioa ematen diet, eta arrokan hobeto itsasten dira. Gainera, erliebeetan izaten dudan ukimena askoz ere egokiagoa da».

Eta era horretan eskalatzea berezia bada ere, Albertek muturreko zailtasunean eskarmentua du. Iaz, adibidez, “La valse aux adieux” (8c, Fontainebleau) egin zuen katu-oinik gabe.

“L’alchimiste”n eginiko lanari buruz, blokezale honek dio ezkerretik irten zela: «Irteera zuzenena da. Blokea eskalatu nuen egunean, bakarrik nenbilen, koltxonetarik gabe. Thibaut eta Mounir kideekin topo egin eta ‘L’alchimiste’ benetako nire lehen saioan igo nuen. Hori bai, ezkerreko aldaera erabilita. Zailtasunari dagokionez, nire iritziz, iaz oinutsik egin nuen ‘Gecko assis’ (8b+) baino zailagoa ez da. ‘L’alchimiste’-n eserita egiten den sarrera ere probatu nuen. Mugimendu erraz bat gehitzen dio, baina horrek ez du bere gradua aldatzen.

Eta hurrengo errepikatzailea, aurreko berrian ere protagonista izan dena, Webb estatubatuarra dugu. Blokezale honek “L’alchimiste”-ren bosgarren igoera egin du: «Bloke hori ederra da, arroka bikaina du eta forma interesgarriak ere bai. Fontainebleaura iritsi eta nire lehen bloke gogorra izan da».

“L’alchimiste”-ren zailtasunari dagokionez, estatubatuarrak 8b graduan utzi du: «Oro har, hiru saio behar izan nituen. Irteeraren kontuarekin pixka bat nahasita nago. Ezkerretik ala eskuinetik eskalatzeak berdin dio; norberak aukeratzen du bide egokiena. Soilik bloke bat da marra eder batekin. Zalantzarik gabe, kalitatezko korapiloa da. Azkar sinatzea lortu dut, eta horregatik uste dut 8b dela».