GARA
DONOSTIA

638 etxe kaleratze gauzatu ziren 2015ean Hego Euskal Herrian, %11,51 gutxiago

INE estatistika institutuak atzo emandako datuen arabera, 2015ean 638 izan ziren Hego Euskal Herrian gauzatutako etxe kaleratzeak. Horietatik gehienak Nafarroan eta Gipuzkoan gertatu ziren.

Etxe kaleratzeen inguruko datuak argitaratu zituen atzo INE estatistika institutu espainolak, eta horien arabera, 2015ean Hego Euskal Herrian jaitsi egin da era honetako prozeduren kopurua. Zehazki, 638 etxe kaleratze gauzatu ziren, aurreko urteko 721 kaleratzeekin konparatuta, %11,51 gutxiago.

Datuei herrialdez herrialde erreparatuta, Nafarroan gertatu ziren kasu gehienak, zehazki 338. Halere, jaitsiera txiki bat gertatu zen, 2014. urtean 363 kaleratze izan baitziren.

Gipuzkoa izan zen kaleratze gehien zenbatzen bigarrena, eta kasu honetan, 2014ko datuekin alderatuta, kopurua handitu egin zen. Zehazki, 2015ean 173 prozedura izan ziren, eta aurreko urtean 86.

Bizkaiak eta Arabak beheranzko joera izan zuten. Araban 44 kasu gertatu ziren, eta 2014an, aldiz, 57. Bizkaian, aldiz, 83 kaleratze zenbatu ziren. Aurreko urteko 215 kasuekin konparatuta jaitsiera nabarmena.

Gipuzkoako datuak txarrera egin duen arren, pasa den urtean hainbat garaipen lortu zirela nabarmendu zuen Kaleratzeak Stop Plataformak. Horien balantzea egin zuen atzo eta, azaldu zuenez, etxebizitza enkantean galdu behar zuten hamar familiak eta etxegabetze eguna jarrita zuten beste bik euren etxebizitza salbatu dute.

Bestalde, plataformaren laguntza juridikoari esker, hipoteka betearazteko demanda jaso duten beste hamasei familiak ere ez dute euren etxebizitza galduko. Horiekin guztiekin, bigarren aukera bat negoziatzen ari dira momentu hauetan.

Gainera, zailtasun ekonomikoak bizi dituzten fede oneko zordunekin 30 bat maileguren berregituraketa negoziatu dituzte, baita zorra azkentzeko etxebizitza ordainetan ematea bezalako beste horrenbeste akordio ere, horietako batzuk alokairu soziala ezarrita.