NAIZ
Lizarra

Artxibatu egin dute Lizarran preso eta iheslarien aldeko brindisaren inguruko auzia

Espainiar Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Lizarrako jaietan preso eta iheslarien eskubideen aldeko brindisa dela-eta bost pertsonaren aurka ireki zuten auzia. Era berean, nafar herriko beste gazte bati 2007an pankarta bat eskegitzeagatik zuen prozesua ere artxibatu egin du.

Auzi honen harira mobilizazio handia izan zen Lizarran azaroan. (Lizarra Info)
Auzi honen harira mobilizazio handia izan zen Lizarran azaroan. (Lizarra Info)

Auzitegi Nazionalak Lizarrako jaietako brindisa dela-eta inputatutako bost lagunen aurkako auzia artxibatu egin du. Inputatuek berria pozik hartu baldin badute ere, «kriminalizazio eta kondena saiakera ez ahaztea» eskatu dute. Zentzu honetan, haien inguruan izan den herri mugimendua eskertu nahi izan dute.

«Argi utzi dugu euskal preso eta iheslariekiko elkartasuna ez dela delitua», adierazi dute. Hori dela-eta, «eskubide zibil eta politikoen mesede, era askean lan eginez jarraitzera» deitu dute. Pasa den azaroan, ferien testuinguruan, ehunka lagunek parte hartu zuten ‘Adierazpen askatasunarengatik, ¡paremos la represión!’ lelopean ospatu zen mobilizazioan.

Bestetik, aurreko asteetan herriko beste gazte baten aurkako auzia artxibatu dela ere jakinarazi dute. 2007 «gazte konprometituen» aldeko pankarta bat eskegitzeagatik «terrorismoari gorazarra» egitea leporatzen zioten.