NAIZ
HERNANI

Hernanin ere erabakitzeko eskubidea gauzatzeko galdeketa egingo dute

Herriko kultur etxean egindako deialdi ireki batean Hernanin ere herri galdeketa egiteko prozesua martxan jartzea erabaki dute. Gure Esku Dagok egindako deiarekin bat eginez deitu zuen herritar talde batek gaurko batzarra eta orain denen artean galdeketa hori zehazteko prozesuari ekingo diote, oraindik datarik ez dute finkatu. Ekainean izango dira antzeko lehen galdeketak Goierrin, Debagoienan, Azpeitian, Bakaikun, Diman eta Ispasterren.

Dozenaka herritar goizean Hernanin egin duten batzarrean. (Hernaniko Gure Esku Dago)
Dozenaka herritar goizean Hernanin egin duten batzarrean. (Hernaniko Gure Esku Dago)

Erabakiaren aroa iragarri zuen Gure Esku Dagok iazko ekainaren 21ean bost euskal hiriburutan egindako ekimenetan eta pixkanaka herriz herri ari da gauzatzen aro hori. Gaur Hernaniko herritar talde zabal batek iragarri du bertan ere galdeketa egiteko prozedura abian jarriko dutela. 

Kultur Etxean herriko ordezkaritza zabal eta anitza elkartu da goizean eta bertan iragarri dute galdeketaren bideari ekingo diotela. Hori bai, bideari berari eman diote garrantzi gehien eta herritarren parte hartzearen bidez nahi dute erabaki galdeketaren data eta bertan pausatu beharko litzatekeen galdera. Horretarako plataforma berezi bat sortuko dute eta hernaniarrei bertan parte hartzeko deia egin diete gaur, apirilaren 9an izango da lehen bilera.

Norabide berean lehen urratsa ekainean bertan emango dute hainbat herri eta eskualdek. Goierrin eta Debagoienan eskualde guztiko herriak elkarrekin ari dira galdeketa egiteko prozesuan aurrera egiten, azken honen kasuan Aramaion ere izango da galdeketa.

Debagoienaren kasuan sinadura bilketari ekin diote galdeketa egin ahal izateko herritarren babesa jasotzeko. Gaur Oñatin ekitaldi jendetsua izan da.

Ekainean bertan egingo dute galdeketa Azpeitian, Bakaikun, Diman eta Ispasterren ere.

‘Argitu erabakia’, kriseiluak airera

Hernanin bertan erabakitzeko eskubidearen alde beste ekimen bat izango da gaur iluntzean. 20.00etarako jarri dute hitzordua Zinkoenean eta 2014ko urte amaieran egin zuten moduan, zerua erabakiaren aldeko kriseiluz bete nahi dute. Ez da herri bakarra izango, gaur egitekoak dira, besteak beste, Aulestin, Seguran eta Txingudiko badian. Azken honen kasuan Hendaia, Irun eta Hondarribikoek elkarrekin egingo dute ekimena.

Atzo ere hainbat herritan egin zuten, Markinan eta Galdakaon, besteak beste.