ARANTXA MANTEROLA
ZIBURU

Herritarren azken agurra Ziburun, Angel Aldanari

Ziburuko plaza bihotzondoko sentimenduez jantzi da gaur arratsaldean Angel Aldanari egindako azken agurrean. 500 bat lagun bildu dira, tartean, berak bezala, espetxea, erbestea edota deportazioa ezagututako lagun asko. Euskal Herriaren alde “Angelinen” bizitza osoko konpromisoa goraipatu dute eta baita 40 urteotan beti alboan izan duen bere familiarena.

Aldanari azken agurra, ekitaldia hasi baino lehenxeago. (Iñaki ALTUNA)
Aldanari azken agurra, ekitaldia hasi baino lehenxeago. (Iñaki ALTUNA)

Ali Primera, Venezuelako abeslariaren ‘Canta, canta compañero’ kantarekin hasi da ekitaldia, Ziburuko plaza jendez lepo zegoela. Txalapartaren hotsa eten bezain laster, Aldana gaztetatik ezagutu zuen Zornotzako preso ohi batek hartu du hitza eta Francoren garaitik erakutsi zuen borrokarako grina nabarmendu du, «tolesdurarik gabeko pertsona, pieza batekoa» zela nabarmenduta. 80ko hamarkadan Estatu frantsesak deportatu ondorengo gorabeherak, berriz, patu bera ezagutu zuen deportatu ohi batek errepasatu ditu. Panaman, Euskal Herritik 8.000 kilometrora egonik ere, Euskal Herria beti buruan zuela eta zegoen lekuan zegoela, bertako askatasun borrokekin engaiatzen zela, «iraultza bolivarianoarekin egin bezala», adierazi aitzin.

Venezuelako euskal deportatu eta iheslari politikoen gutuna ere irakurri du Aldanaren iloba batek. Bertan, gorozikarrak «beti erakutsi zuen tinkotasunarengatik», eredutzat jo dute bere kideek.

Harrotasuna

Une hunkigarriena Ihintza eta Garazi bere bi alabek hitza hartu dutenekoa izan da. Urte hauetan guztietan beren aitak eta familia osoak pairatutako ibilbide latza gogoratu dute, euren amaren indarra bereziki goraipatuz. «Urrezko emaztea aukeratu zenuen, aita» esan dute hitz-zotinka, sentitzen duten «harrotasuna» eta «beti, beti,bihotzean» izango dutela gaineratuz.

Ekitaldia, besteak beste,Patxi Saiz abeslariaren kantekin, Dimako bizilagunen bertsoekin, bertsolariekin eta Lapurdiko dantzariek eskainitako aurreskuarekin osatu da. Eusko Gudariak abestuta, itsasertzean errautsak haizeratzeko Sokoako bidea hartu dute familiak eta lagunak.

Datorren larunbatean, maiatzak 14, eguerdian, azken agurra egingo diote Gorozikan, bere jaioterrian.